REAL SOCIEDAD 2-2 ATLETICO DE MADRID

Puntu ona

Vídeo

Realak puntu garrantzitsua lortu du Atletico de Madrilen aurka. Txuri-urdinek hiru puntuak Zubietan geratzeko merituak egin dituzten arren, berdinketarekin amaitu da partida. Emaitza honekin Realak hirugarren sailkatuaren aurka puntu bat eskuratzea lortu du eta helburua gertuago dago.

Partida izugarria jokatu dute Realak eta Atletico de Madrilek Zubietan. Partida maldan gora jarri da hasieran txuri-urdinentzat. Atletico de Madrilek aurrea hartu du 7. minutuan Santosen gol bati esker. Realaren erreakzioa berehala etorri da. Partidaren ordu laurdena bete aurretik, Nerea Eizagirre gure kapitainak lehia berdindu du area kanpotik egindako jaurtiketa bikain bati esker. Gipuzkoarrek gehiago nahi zuten eta, hortik gutxira, Nereak bigarrena izan du bere oinetan, baina L. Gallardo atezainaren esku hartze handi batek gola eragotzi du. Lehen zatiko azken minutuetan, txuri-urdinak saiatu dira markagailuan aurrea hartzen, arrisku aukerak sortuz, baina zorterik gabe ate aurrean. Intentsitate handia sailkapeneko bigarrenaren eta hirugarrenaren arteko lehian.

Bigarren zatian, bi taldeek dena eman dute markagailuan aurrea hartzeko helburuarekin. Garaipenarekin berriz elkartu nahi zuen Realak; beraz, ez ditu besoak jaitsi eta horrela iritsi da gola. Gabyk buruz errematatu du Nuria Rabanoren erdiraketa eta baloia sare barrura bidali du. Golaren ostean, kanpokoak lehia berdintzen saiatu dira, eta Realak defentsan lan handia egin duen arren, berdinketa iritsi da Ludmilaren bitartez 80. minutuan. Partidako azken minutuetan, madrildarrek asko estutu dute, nahiz eta markagailua ez den mugitu.

Berdinketa honekin, Realak puntu garrantzitsua lortu du aurkari zuzen baten aurka. Txuri-urdinek partida bikaina jokatu dute, baina aurrean aurkari oso indartsu bat aurkitu dute, hiru puntuak etxean geratzea eragotzi duena. Reala sailkapeneko bigarren postuan dago, denboraldi historikoa egiten jarraitzen du eta helburutik gero eta gertuago dago. Segi dezagun! Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Elene, Emma, Maddi (Tejada, min. 46), Vanegas, Nuria R., I. Arnaiz, Gaby, N. Eizagirre (Gemma, min. 84), Allegra (Mirari, min. 84), Amaiur (Jensen, min. 66) eta Franssi.

Atletico de Madrid: L. Gallardo, Menayo, Meseguer, Aleixandri (Simon, min. 56), Shei, Santos (Banini, min. 72), Maitane, Barbara (Kgatlana, min. 72), A. Sampedro, Ajibade eta Deyna C. (Ludmila, min. 72). 

Golak: 0-1: Santos, min. 7; 1-1: Nerea Eizagirre, min. 15; 2-1: Gaby, min. 58; 2-2: Ludmila, min. 80 

Epailea: Frias Acedo. Txartel horia atera die etxeko Tejadari eta kanpoko Ajibaderi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!