LEVANTE UD 1-1 REAL SOCIEDAD

Puntu ona Koparen aurretik

Realak puntu bat lortu du Levante UD-ren etxean bana berdindu ondoren. Txuri-urdinak Nerearen gol bikain batekin aurreratu dira lehenengo zatian, baina etxekoek berdinketa lortu dute azkeneko minutuetan.

Mugimendu gutxi ikusi dugu aurrekaldean bi taldeen aldetik lehenengo zati honetan. Neurketa parekatua eta orokorrean jokoa erdigunean bildu da. Pare bat jokaldi arriskutsu talde bakoitzak, baina azkeneko metroetan zehaztasunik gabe. Charlyn izan da protagonista etxekoen alde, eta Etxezarreta eta Beltranek gertu izan dute gola gipuzkoarrentzat. Atsedenaldira golik gabe iritsiko ginela zirudienean, txuri-urdinek lehenengo gola sartzea lortu dute. Itxasok baloia berreskuratu ondoren, Nereari pasea eman dio eta honek, atzelaria gainditu eta gero, baloia barrura bidali du. Gol bikaina eta abantaila atsedenaldian.

Nahiz eta markagailuan aurretik egon, Gonzalo Arconadaren neskak ez dira atzean geratu bigarren zatian. Gainera, hainbat aukera izan dituzte bigarren gola egiteko eta, minutuak pasa ahala, neurketa irekitzen joan da. Nereak arriskua sortu du urrutiko pare bat jaurtiketekin. Nahikarik ere bere abagunea izan du, berdinketa iritsi aurretik, baina bere jaurtiketak langan jo du. Amaitzeko bost minutu geratzen zirenean, Charlynek banakoa egin du etxekoen alde. Ez da denborarik egon gehiagorako.

Puntu garrantzitsua oso zelai zailean. Eta, igande honetan, hitzordu historikoa guretzat. Anoeta itxaroten egongo da Erreginaren Kopako finala bilatzeko. Aurrera neskak!

Fitxa teknikoa:

Levante UD: S. Torres, Batlle, Guti, Maitane (Aivi, min. 68), Soni (Carolina, min. 82), Lucia (Eva Navarro, min. 68), Charlyn, Corredera, Zornoza, Ivana, Alharilla.

Real Sociedad: Oihana, Iraia, Maddi, Etxezarreta (N. Mendoza, min. 69), B. Beltran, Itxaso, Chini, Manu, C. Bautista (Nahikari, min. 64), N. Eizagirre (L. Baños, min. 56), Palacios (M. Cardona, min. 56).

Golak: 0-1: N. Eizagirre, min. 42; 1-1: Charlyn, min. 84

Epailea: Cebollada Lopez. Txartel horia erakutsi dio etxeko Correderari.

Gonzalo Arconada: “Ondo lehiatu dugu”

Gonzalo Arconadak Real Sociedad TV-rekin hitz egin du neurketa amaitu denean: “Intentsitate handiko neurketa izan da. Ondo lehiatu dugu, nahiz eta aurkaria hobeto egon den lehenengo minutuetan. Gu hobeto sentitzen joan gara minutuak pasa ahala. Arriskua sortu dugu, horietako jokaldi batean gola lortuz. Atzean ez dugu sufritu. Bigarren zatia bikain hasi dugu, hainbat abagunerekin eta beste gol bat eskuratuz, baina epaileak baliogabetu egin du. Ez dugu azkenean garaipena bideratu eta partida asko ireki da. Beraiek, azkenean, berdinketa lortu dute. Taldeak ondo lehiatu du egin ditugun aldaketekin. Jokalariak zoriondu behar dira esfortzuarengatik. Orain, igandeko neurketan pentsatzera.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!