Atlético de Madrid 2-1 Real Sociedad

Puntuetatik gertu

Emakumeen taldeak porrota jasan du Atletico de Madrid-ren aurka gaur goizean. Neurketa oso lehiatua izan da. Etxekoek bi gol sartu dituzte lehen minutuetan, baina Realak diferentzia murriztu du Nahikari Garciaren golari esker eta berdinketa lortzeko aukerak izan ditu. Aldiz, zehaztasuna falta izan da. Hala ere, partida proba ona izan da Erreginaren Kopa prestatzeko. Txuri-urdinek ondorengo txapelketa jokatzeko prest daudela erakutsi dute.

Neurketa erritmo oso altuarekin hasi da. Etxekoek lehen minutuetatik estutu dute partida eta markagailua aldapan gora jarri da hasieratik. Esther-ek madrildarren lehen gola egin du eta ondoren Sampedrok bigarrena lortu du. Hala ere, Realak diferentzia ondorengo minutuetan murriztu du Nahikari Garciaren gol bikainari esker. Txuri-urdinek jokoa orekatu dute eta aurkariaren atea arriskuarekin bilatu dute, baina zehaztasuna falta izan da. Defentsan sendo ibili dira Atletico de Madrid-ren aukerak bertan behera uzteko.

Bigarren zatian Realak lehen minututik berdinketa bilatu du eta oso gertu izan du. Manuela Lareo ezin izan da iritsi Cristina Pizarroren pasera eta ondoren Nahikari Garciaren jaurtiketa kanpora joan da. Etxekoek hirugarren gola sartzeko aukerak izan dituzte, baina defentsak eta Mariasun Quiñonesek saihestu dute. Txuri-urdinek berdinketa bilatu dute amaiera arte, baina ez da posible izan.

Igor San Miguelen taldeak 42 punturekin amaitu du txapelketa, zortzigarren postuan, eta Erreginaren Kopa jokatzeko sailkatu da berriro ere. Porrota jasan arren, Realak frogatu du prest dagoela txapelketari aurre egiteko.


Igor San Miguel: “Proba bikaina”


Igor San Migelek neurketa amaieran balorazioa “positiboa” izan dela adierazi du. “Partida zaila zen. Arerioak Liga zuen jokoan eta indar handiarekin hasi du partida. Hala ere, gure golarekin partidan sartu gara berriro ere eta lehen zatia ondo amaitu dugu. Bigarren zatian bi taldeek aukerak izan ditugu”. Realeko entrenatzaileak, Erreginaren Kopari begira, “proba bikaina” izan dela adierazi du. “Taldeak itxura oso ona eman du. Partida amaiera arte lehiatu dugu eta Erreginaren Kopan edozein aurkariaren aurka aukerak izango ditugu”.


Fitxa teknikoa

Atletico de Madrid: Gallardo, Robles (Corredera, min.71), Pereira (Priscila, min.58), Leon, Menayo (Beltran, min.91), Alexandra, Meseguer, Amanda, Sosa (Cazalla, min.83), Sonia, Esther.

Real Sociedad: Mariasun Quiñones, Sandra Ramajo, Iraia Iparragirre, Paola Soldevila, Itziar Gastearena, Itxaso Uriarte (Ane Etxezarreta, min.71), Cristina Pizarro, Naiara Beristain (Titay Calvo, min.80), Nerea Eizagirre (Leyre Fernandez, min.60), Manuela Lareo, Nahikari Garcia.

Golak: 1-0: Esther, min.7; 2-0: Sampedro, min.13; 2-1: Nahikari Garcia, min.15.

Epailea: Lou Balleno. Txartel horia erakutsi dio kanpoko Sandra Ramajori.


Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!