FC SALZBURG 0-2 REAL SOCIEDAD

Realaren erakustaldia Austrian

Realak lehen garaipena lortu du txapelketanFC Salzburg menderatuta lehen zati bikaina burutu ostean. Txuri-urdinak austriarrak baino askoz gehiago izan dira eta, Oyarzabalen eta Braisen golei esker, lau puntu dituzte jada bi jardunalditan. Gaur, Gipuzkoatik joandako bostehun zaleren aurrean, maila bikaina eskaini dute.

Partida ezin hobeto hasi da. Barrenek eta Oyarzabalek pare bat abisu eman ondoren, kapitaina izan da, Braisen zerbitzu bat aprobetxatuz, lehena egin duena. Area barruan sartu da eta atezaina gainditu du. Golak konfiantza handiagoa eman die txuri-urdinei, nagusitasunarekin jokatuz. Gauzak horrela, ordu erdia baino lehen, Braisen lasterkada batek huts eta bikoa ekarri du. Galiziarrak, bere zelaian zenbait pase eman ondoren, berrogeita hamar metro egin ditu bakarka eta, jokaldiari amaierara arte eutsiz, bigarren gola egin du jaurtiketa gurutzatu batekin. Oyarzabalek hirugarrena izan du oinetan, baina huts egin du Barreneren erdiraketa bikain bat errematatzean. Lehen zati galanta izan da.

Bigarren zatia modu berean hasi da, nahiz etxekoek, behartuta, gehiago bultzatu duten. Epaileak adierazi eta VARak zuzendu duen penalti batek apur bat izutu ditu txuri-urdinak, baina norgehiagoka baretu egin da berriro eta arnasa hartu dute Imanolen mutilek nahi zuten bezala. Ez da abagunerik izan, Carlos Fernandezen jaurtiketa bat izan ezik, desbideratuta joan baita, baina partida kontrolpean egon da une oro.

Realak oso maila altuan jarraitzen du. Berdin dio nork jokatzen duen eta non jokatzen duen. Gehiagoren bila. Aurrera, Reala.

Fitxa teknikoa:

FC Salzburg: Schlager, Dedic, Solet (Baidoo, min,46), Pavlovic, Terzic, Gloukh (Sucic, min.79 Gourna-Douath, Bidstrup (Capaldo, min.67), Kjaergaard (Amankwah, min.46), Konate (Ratkov, min.46) eta Simic.

Real Sociedad: Remiro, Traoré (Aritz, min. 84), Zubeldia, Le Normand (Pacheco, min.46), Aihen, Zubimendi, Merino, Brais Méndez (Turrientes, min. 82), Barrene (Carlos Fernández, min.64), Take (Cho, min.64) eta Oyarzabal (kap).

Golak: 0-1: Oyarzabal, min.7. 0-2: Brais Méndez, min.27.

Epailea: Bartosz Frankowski (Polonia). Txartel horia erakutsi die etxeko Oumar Solet, Pavlovic eta Baidoori eta kanpoko Le Normand eta Brais Mendezi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!