REAL SOCIEDAD 1-9 FC BARCELONA

Zigor handiegia

Vídeo

Realak bat eta bederatzi galdu du Bartzelonaren aurka. Ligako bi talde onenen arteko lehia izan da gaur arratsaldean Zubietan. Realak Ligako eta Europako egungo txapeldunaren bisita jaso du talde kataluniarra ezustean harrapatzeko eta zaleekin liderraren aurka puntuak lortzeaz gozatzeko asmoz, baina ez da posible izan.

Partida kontra jarri zaie txuri-urdinei hamargarren minutuan. Oshoalak aurretik jarri ditu kanpokoak area barrutik egindako jaurtiketa batekin. Hala ere, Realak ez ditu besoak jaitsi eta horrela iritsi da lehen gol aukera Franssiren bitartez, baina bere errematea Catak harrapatu du. Minutu batzuk geroago, 14. minutuan, Gemma lehia berdintzetik oso gertu egon da, area aurrealdetik zutoinaren kontra joan den erremate baten ondoren. Blaugranek ere markagailuko aldea handitzeko aukera izan dute, Grahamen eta Alexiaren erremateek langan jo baitute. Kanpokoen eraso horien ostean, Reala erosoago sentitu da eta, atsedenaldira iristeko minutu gutxi faltan, Franssik abagune bikaina izan du, baina bigarren zutoineko gutxigatik joan da kanpora. Reala markagailua berdintzen saiatu da lehenengo zatiko azken minutuetan, eta 42.ean iritsi da Realarentzat aukerarik argiena Gemmaren jaurtiketa bati esker. Reala minuturik onenak lehiatzen ari zenean Bartzelonaren bigarrena iritsi da Oshoalaren bitartez. Ahalegin handia egin duten arren, txuri-urdinak markagailuan azpitik joan dira aldageletara.

Realak besoak jaitsi gabe jarraitu du, eta Amaiur Cata ezustean harrapatzeko zorian egon da, baina donostiarrak ez du aldea murriztea lortu. Amaiurrek beste saiakera bat egin du, baina bere burukada gutxigatik joan da kanpora. 56. minutuan, Reala aurkariaren atea erasotzen ari zenean, arratsaldeko hirugarrena iritsi da Rolfören bitartez. Handik gutxira, Marionak markagailuko tartea handitu du area kanpotik egindako jaurtiketa bati esker, eta Martensek bosgarren gola sartu du 62. minutuan. Emaitza hain kontra zutela, txuri-urdinek ezer gutxi egin ahal izan dute markagailuari buelta emateko, eta azken txanpan iritsi dira partidako azken lau golak. Alexiak egin du seigarrena, Pinak zazpigarrena eta Jenni Hermosok zortzigarrena. Hala ere, Realak saiatzen jarraitu du eta 89. minutuan Emmak sartu du txuri-urdinen gol bakarra. Luzapenean, Martak katalanen bederatzigarrena eta partidako azkena egin du.

Txuri-urdinak liderra ezustean harrapatzeko asmoz zelairatu dira, eta Realak lehen zati bikaina jokatu duen arren, talde kataluniarra nagusi izan da partidaren zati handi batean, egungo Ligako eta Europako txapeldunak zergatik diren erakutsiz. Reala azken minutura arte saiatu da, baina ezin izan du. Igandeko partidan pentsatu behar da, UD Levanteri egingo baitiote bisita, berriro ere hiruko puntuak lortzeko helburuarekin. Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Adriana, Iraia, Tejada, Vanegas, Nuria R. (Izarne, min. 46), I. Arnaiz (Viles, min. 79), Gaby, N. Eizagirre (kap.) (Emma, min. 71), Gemma, Mirari (Jensen, min. 60) eta Franssi (Amaiur, min. 46).

FC Barcelona: Cata, Marta, Paredes (A. Pereira, min. 71), Mapi Leon, Rolfö (Leila, min. 70), Graham (Mariona, min. 60), Aitana (Pina, min. 60), Patri, Alexia (kap.), Marta, Martens eta Oshoala (J. Hermoso, min. 60).

Golak: 0-1: Oshoala, min. 10; 0-2: Oshoala, min.45; 0-3: Rolfö, min.56; 0-4 Paredes, min. 58, 0-5: Martens, min 62, 0-6: Alexia, min. 79; 0-7: Pina, min. 83, 0-8: J. Hermoso, min. 87, 1-8: Emma, min 89. 1-9: Marta, min.90.

Epailea: Pelaez Arnillas. Txartelik gabe.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!