SANSEREN IBILBIDEAREN, ERRRENDIMENDUAREN ETA EREDUAREN AZTERKETA AZKEN BOST DENBORALDIETAN

Zubieta, izateko eta egiteko modua

Gaur hasi da 25/26 denboraldia Sanserentzat. Hasiera berri honekin batera, eta taldearen sare sozialetako kontu ofizial berrien estreinaldiarekin bat eginez (X, Instagram eta Facebook), azken bost urteetan Realaren filialak izan duen ibilbidea, errendimendua eta lan eredua balioetsi nahi ditugu.

Has gaitezen azken denboraldiarekin, 24/25arekin. Sansek denboraldi bikaina sinatu zuen: 38 jardunaldietatik 35etan playoff postuetan ibili zen Primera RFEFko I. multzoan, eta hirugarren postu txalogarri batean amaitu zuen, golik gutxien jaso zuen taldeen artean izanik. Mailaz igotzea lortu zuen, maila handiko bi aurkari —AD Mérida eta Tarragonako Gimnàstic— gaindituta.


Mailaz igotzea arrakasta itzela da, baina benetako meritua da nola lortu zuen hori Sansek oso plantilla gazte batekin: batez besteko adina 21,2 urtekoa zen. Denboraldia amaitu zuten 26 jokalarietatik, 12k txiki-txikitatik egin dute ibilbidea Zubietan, eta batez beste sei urte eta erdiko formazioa dute harrobian. Datu horrek ondo islatzen du Zubietako hautaketa- eta formazio-egituraren lana.


Zubietak mundura begiratzeko modu zabal eta nortasun sendo bat du. Sanseren plantillaren osaerak begirada global horren isla da: tokiko talentu sendoa du oinarri —16 gipuzkoar, 2 nafar eta 1 bizkaitar—, eta osagarri gisa beste jatorri batzuetatik datozen gazteak ditu: Madril, Katalunia, Kantabria, Kanariak, Frantzia eta Kenya.


24/25 denboraldiaren arrakastak are balio handiagoa hartzen du Sansek azken bost denboraldietan izan duen ibilbidea aztertzean. 20/21 denboralditik hasita, ez da beste filialik izan haren errendimendua berdindu duenik: hiru aldiz playoffetan izan da, eta bi igoera lortu ditu Bigarren Mailara, bost denboralditan.


Xabi Alonso eta Sergio Francisco entrenatzaileek zuzendu dute taldea, goi mailako laguntza teknikoarekin. Sansek goi mailan lehiatu du Primera RFEFn, eta azken lau denboraldietan jokatutako 140 partidetatik 103tan playoff postuetan izan da.


Zubietan egindako jokalaria berme bat da. Gure harrobiak ez du lehen taldea soilik hornitzen; goi mailan lehiatzeko prestatutako futbolariak sortzen ditu, gure egituratik kanpo ere. Azken bost denboraldietan, Sansetik igaro diren 35 jokalari ari dira profesional mailan; horietatik 11 Realaren lehen taldean daude gaur egun.


Zubieta izateko eta egiteko modu bat da. Sansek azken bost urteetan egin duen ibilbideak berresten du gure eredua ez dela soilik lehiakorra, baizik eta jasangarria eta integratzailea ere badela.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!