Loren

Agur gutuna

Oroitzapen eta emozio ugari gailentzen ari zaizkit azken egunotan. Realean hazi nintzen, jokalari eta pertsona moduan ondu nintzen, gogotik egin nuen lan lehen taldera iristeko, eta nire bizitzako ametsa bete nuen, Realeko lehen taldeko kide izatea. 411 partida ofizial, eta Realaren besokoa eramateko ohorea eta harrotasuna. Futbolariaren etapa amaituta, staff teknikora igarotzeko zortea izan nuen, futbolaren beste alderdi batzuetan nire ezagutzaren ekarpena egiteko, oinarriko futbolaren entrenatzaile eta teknikari lanetan, Sansen, eta gero baita lehen taldean ere, Kirol Zuzendaritzara iritsi arte. Zuzendaritzako hasierako uneak ez ziren errazak izan, kirol egoera eta diru kontuak delikatuak ziren, baina ideia argi geneukan. Administrazio Kontseiluak eta nik neuk, klubeko teknikari, entrenatzaile, jokalari eta langileekin batera, bi egoera horiek birbideratzeko modua aurkitu genuen. Gaur egun, Realaren osasun ekonomikoa eta kirolekoa ona da.

Lasai eta asebeteta noa, gure Real maitea berreraikitzen lagundu dudalako, klubaren nortasunarekiko zintzo, prestu eta leial. Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot Administrazio Kontseiluari, une oro nigan jarritako babes eta konfiantzagatik, eta, bereziki, Jokin Aperribayri, pertsona zein kudeatzaile moduan erakutsi duen gaitasunagatik eta Realarekiko maitasunagatik. Zorterik onena eta aurrera egiten asmatzea opa nahi nieke –ez dut horretan zalantzarik–, klubak hobetzeko eta hazteko aurrean dituen proiektu guztiei buru emateko.  Aipamen berezia egin nahi diet lorpen horiek izatea ahalbidetu diguten entrenatzaile eta jokalari guztiei, baita egunero hau guztia aurrera eramateko lanean parte hartzen duten etxeko departamentu guztietako teknikari eta profesionalei ere. Bereziki Javi Perezi, aldamenean izan baitut hasieratik idazkaritza teknikoan. Heziketako futbola ere zoriondu nahi dut, bere lanarekin etxean prestatutako jokalariak lehen taldera transferitzen laguntzen duelako, eta batez ere Luki Iriarteri, zeregin hori gidatuz erakutsitako inplikazioagatik eta lanagatik. Amaitzeko, besarkada handi bat bidali nahi diot Juan Carlos Samaniego ‘Tximist-en familiari, lorratz ezabaezina utzi baitigu berarekin bizi izan garen guztioi; horregatik, haren oroitzapenak bizirik dirau Anoetan.   

Halaber, eskerrak eman nahi dizkiet Ana emazteari, Alex eta Maider seme-alabei eta, oro har, familia osoari, beti jaso dudan babesagatik. Jarduera honek eskatu didan denbora eta prestasuna ulertzen jakin izan duzue. Bereziki gogoratu nahi ditut aita-amak, zoritxarrez, epealdi honetan, biak galdu baititut.

Realean hainbeste urte eman ondoren, etapa berri bat irekitzen da nire bizitzan. Nagoen lekuan nagoela, bazkide eta akziodun naizenez gero, beti izan naizena izaten jarraituko dut, Realaren jarraitzaile leiala.


Lorenzo Juarros. 

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!