ZUBIETAKO METODOLOGIA, GURE KLUBEN ZERBITZURA

RS Academy jaio da

Vídeo

Realak RS Academy aurkeztu du, Zubietako metodologia digitalizatzen duen plataforma berria, entrenatzaileen eta kluben prestakuntza indartzeko helburuarekin. Tresna berriak klub hitzartuei, teknifikazio-zentroei eta entrenatzaileei aukera emango die denboraldi osoak planifikatzeko, taldeak kudeatzeko eta jokalarien garapenaren jarraipen integrala egiteko, betiere Zubietako metodologian oinarrituta.

Realak beste urrats bat eman du oinarrizko futbolaren prestakuntza eta garapenarekiko duen konpromisoan, RS Academy plataforma digital berritzailea abian jarriz. Ekimen honek Zubietan urte luzez garatutako metodologia ingurune teknologikora eramaten du, entrenatzaileen, kluben eta prestakuntza-proiektuen esku jartzeko.

Hasiera batean erakundeko klub hitzartuentzat eta bere prestakuntza-sarearen parte diren teknifikazio-zentroentzat laguntza-tresna gisa sortua izan arren, RS Academyk bokazio unibertsala du. Hori dela eta, Zubietan garatutako eta nazioartean aitortutako metodologia eguneroko lanean txertatu nahi duen edozein klub, akademia edo entrenatzaileren eskura ere egongo da.

RS Academyk Realak hamarkadetan zehar futbolarien prestakuntzan metatutako ezagutza partekatzeko modu berri bat irudikatzen du. Plataformak metodologia, zientzia eta teknologia uztartzen ditu, entrenatzaileei prestakuntza-prozesuaren fase guztietan laguntzeko: denboraldiaren plangintzatik hasi eta jokalarien banakako nahiz taldeko jarraipenera arte.

Tresnak Zubietako esentzia metodologikoa sistema adimendun bihurtzen du, talde bakoitzaren testuingurura, kategoriara eta joko-eredura egokitutako plangintza osoak sortzeko gai dena. Minutu gutxiren buruan, entrenatzaileek denboraldi osoko lan-egitura osa dezakete, mikrozikloak, saioak eta ariketa zehatzak modu koherentean antolatuz, harrobi txuri-urdinaren joko-printzipioekin lerrokatuta.

Kirol-plangintza errazteaz gain, RS Academyk taldeen kudeaketa integralerako funtzionalitate ugari eskaintzen ditu. Entrenatzaileek entrenamenduetako parte-hartzea erregistratu, saioen gozamena neurtu, jokalarien errendimendua aztertu eta denboraldi osoan zehar haien bilakaeraren jarraipen etengabea egin ahal izango dute.

Era berean, plataformak partida prestatzeko tresna espezifikoak ere eskaintzen ditu. Horrela, hamaikakoak diseinatu, rolak esleitu, joko-sistema desberdinak antolatu eta informazio hori modu bisual eta errazean partekatu ahal izango dute entrenatzaileek bai talde teknikoarekin bai jokalariekin. Dagoeneko gure inguruko 30 klubek plataforma erabiltzen ari dira bere eguneroko lanean.

Sortzen den informazio guztia ezagutza baliagarri bihurtzen da datuen analisi-sistema baten bidez. Horri esker, banakako zein taldeko aurrerapena ebaluatu daiteke, erabakiak hartzea erraztuz eta prestakuntza-prozesuen etengabeko hobekuntza sustatuz.

RS Academyren aurkezpenak beste mugarri bat ezartzen du Realaren ezagutza zabaltzeko eta partekatzeko estrategiaren barruan. Metodologia sendo, kontrastatu eta etengabeko bilakaeran dagoen honek dagoeneko inspiratzen ditu Japonian, Suedian, Ghanan edo Estatu Batuetan garatzen diren prestakuntza-proiektuak, eta plataforma berri honi esker futbolarekin lotutako profesional eta erakunde gehiagorengana iritsiko da.

RS Academyrekin, Zubieta ez da leku bat soilik izango; tresna eskuragarri bihurtuko da ere, prestakuntza integralean, etengabeko ikaskuntzan eta talentuaren garapenean oinarritutako futbola ulertzeko modu bat partekatzeko aukera emango duena.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!