REAL C 2-0 TOURING KE

Beharrezko garaipena

Vídeo

Gure hirugarren taldea garaipenaren bidera itzuli da gaur arratsaldean Zubietan Touringi bi eta huts irabazi ondoren. Txuri-urdinek indartsu ekin diote partidari eta lehen zatiko aukerarik onena norgehiagoka hasi eta berehala izan dute Jakes Gorosabelen burukada batekin, Urrusolak atepetik urrundu duena azken momentuan. Neurketa berdinduz joan da minutuek aurrera egin ahala eta errenteriarrek pare bat abagune izan dituzte bi baloi luzeetan; Martin eta Ortiz saiatu dira jokaldi horiek aprobetxatzen, baina bietan Tompa bikain aritu da gola saihesteko. Atsedenaldia iritsi baino pixka bat lehenago, Martin eta Iriondo ere kanpoko taldea markagailuan aurreratzeko zorian izan dira, baina lehenengoaren burukada gurutzatua eta bigarrenaren eskuinkada gutxigatik kanpora joan dira.

Donostiarrak, lehen zatian bezala, indartsu sartu dira berriro berdegunean eta bi gol lortu dituzte lau minututan. Adjabengek sartu du lehenengoa ezkerkada bikain batekin eta, minutu batzuk geroago, Nebredak bere aldaratzea baliatu du area barruan bigarrena egiteko. Hortik aurrera, gure hirugarren taldeak ederki kontrolatu du egoera, ia aukerarik jaso gabe eta kontraerasoan abaguneak izan dituelarik neurketa erabakita uzteko. Azkenean, markagailua ez da mugitu eta txuri-urdinek garaipenaren bidera itzultzea lortu dute bigarren zati bikain bati esker. Beharrezko garaipena, bost jardunaldiz eskuratu gabe egon ostean. Datorren asteburuan, honi jarraipena ematera etxetik kanpo Derioren aurka. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real C: Tompa, Peral (J. Martínez, min. 76), Ayo, Segurola (kap.), Arana, Oleaga, Sáenz (D. López, min. 63), Adjabeng (Ruiz de Illa, min. 84), Cabo, Nebreda (Samuyiwa, min. 63) eta J. Gorosabel (Shuaib, min. 76).

Touring KE: Urrusola, Laskibar, Arteaga, J. García, Altuna (kap.), Iriondo, Alsua, Llorente (Zabala, min. 76), Ferrer (Bernal, min. 67), M. Martín (Yeabsera, min. 76) eta Ortiz.

Golak: 1-0: Adjabeng, min. 51; 2-0: Nebreda, min. 55.

Epailea: Asier Soto. Txartel horia erakutsi die etxeko Segurola, Oleaga, Ruiz de Illa eta J. Martinezi eta kanpoko Ferrer-i.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!