Talde txuri-urdinak 2-2 berdindu du U21 Premier League International Cup-eko lehenengo partidan Crystal Palacen aurka. Oscar Fernandezek zuzentzen duen taldeak meritu handiko berdinketa lortu du aurreko denboraldiko txapelketaren irabazlearen aurka.
Ez dugu asko zain egon beharrik izan neurketaren lehenengo gola ikusteko. Partida hasi eta 23 segunduetara, Osazuwa atzelari ingelesen pase kaxkar batez baliatu da baloia sareetara bidaltzeko eta markagailua donostiarren alde estreinatzeko. Momentu honetatik aurrera, bi taldeek hainbat gerturaketa arriskutsu izan dituzte eta bi atezainek behin baino gehiagotan esku hartu behar izan dute aurkarien golak eragozteko. Atsedenaldirako bost minutu falta zirenean berdinketarako gola heldu da. Nascimentok, bakarkako jokaldi on baten ostean, gure atezaina gainditzea lortu du, horrela, partida berdinduz.
Donostiarrek hobeto hasi dute bigarren zatia eta atezain britainiarrak behin baino gehiagotan esku hartu behar izan du, meritu handiko geldiketan eginez, Realak markagailuan berriro aurrea hartzea ekiditeko. Hala ere, Crystal Palacek aurrea hartzea lortu du Umoluren golari esker. Baina poztasunak ez die asko iraun ingelesei. Agotek ondo baliatu du atzelari britainiarren nahasmen momentu bat, jaurtiketa gurutzatu indartsu baten bidez, baloia sareetara bidaltzeko eta partida berdintzeko. Momentu honetatik amaierara arte bi taldeak emaitza aldatzen saiatu dira baina inork ez du lortu.
Berdinketa U21 Premier League International Cup txapelketako lehen partidan. Oscar Fernandezek zuzentzen duen taldeak urriaren 22an jokatuko du hurrengo partida, Brighton & Hove taldearen aurka.
Fitxa teknikoa:
Crystal Palace: : Moudlen, Kporha, Jemide, Browne, Grehan, Rodney, Nascimento, Devenny, Marsh (Akinwale, min 74), Mustapha (Gibbard, min 81 eta Obou (Umolu, min 44).
Real Sociedad: : Olasagasti, Diaz de Alda, Agote, Beitia, Astigarraga, Lebarbier, Ramirez (Cabo, min 58), Carbonell (Aguirre, min 74), Osazuwa (Gorosabel, min 58), Gorosabel (Garro, min 77) eta Díaz (Samuyiwa, min 77).
Golak: 0-1: Osazuwa, min 1. 1-1: Adler Nascimento, min 44. 2-1: Jemiah Umolu, min 61. 2-2: Unax Agote, min 68.
Txartel horiak: Jon Garro, Tomas Carbonell, Alex Lebarbier eta Eneko Astigarraga.