Realak bana berdindu du AFC Bournemouthen aurka bere entrenamendu zentroan eguneko lehenengo lagunartekoan.
Etxekoek aurrea hartu dute partidako lehen aukera arriskutsuan, Outtararen erdiraketa baten ostean; Evanilsonek bikain errematatu du baloia sare barrura bidaltzeko. Hortik aurrera, txuri-urdinak jaun eta jabe izan dira, berdinketa lortzeko hainbat abagunerekin. Lehenengoa Barreneren burukada batekin iritsi da Guedesen erdiraketara, baina zutoinean jo du. Handik gutxira, Gotik ere berea izan du, Dennisek urrundu duen erremate batekin. Donostiarrak aukera bikoitzarekin saiatu dira: Guedesen jaurtiketak etxekoen atzelari batek estali du eta Karrikaren aldaratzea kanpora joan da. Bournemouthek markagailuko aldea handitu ahal izan du atsedenaldiaren aurretik, baina Evanilsonen errematea Fragak gelditu du eta Traoreren bolea langa gainetik joan da.
Txuri-urdinek nagusi izaten jarraitu dute aldageletatik igaro ostean. Marinek lehenengoa izan du zutoinean jo duen burukada batekin. Mikel Rodriguezek ere gertu izan du berdinketa alboko sake batean, atezainak urrundu duena. Aihen eta berriro Marin, jaurtiketa sendoekin, zutoinerekin topo egin dute berriro. Gola ez zela iritsiko zirudienean, partidako azken jokaldietako batean, Barrenek Karrikaren asistentzia bikaina aprobetxatu du ezkerkada gurutzatu on batekin definitzeko eta markagailuan justizia egiteko.
Beste proba handi bat donostiarrentzat, liga hasieratik astebetera minutuak pilatzen jarraitzeko balio izan duena. Gaur arratsaldean, denboraldiaurreko azken testa Vitality Stadiumean.
Fitxa teknikoa:
AFC Bournemouth: Dennis, Smith (kap.), William (Mottoh, min. 86), Mepham, Soler, Philip, Rees-Dottin (Sadi, min. 70), Scott, Traorè, Outtara eta Evanilson (Adu-Adjei, min. 81).
Real Sociedad: Fraga, H. Traoré (Rupérez, min. 60), Ćaleta-Car (Beitia, min. 70), Pacheco, Aihen, G. de Zárate, Marín, Goti (M. Rodríguez, min. 70), Guedes (Díaz, min. 60), Barrene (kap.) eta Karrikaburu.
Golak: 1-0: Evanilson, min. 9; 1-1: Barrene, min. 89.
Epailea: Thomas Bramall. Txartel horia erakutsi die etxeko Rees-Dottini eta kanpoko Karrikaburu eta Ćaleta-Car-i.