BIDAIA INSTITUZIONALA

Boiserekin loturak indartzen

Realaren delegazioak bisita instituzionalarekin jarraitzen du Boisen, bertako komunitatean arrastoa utziz. Sinbolismoz betetako ekintza batean, Boiseko alkatesak, Lauren McLeanek eta Idahoko gobernadoreak, Brad Littlek, harrera egin zien klubeko ordezkariei. Boiseko kultur aniztasunak hiriari ematen dion aberastasuna goraipatu zuten eta kirolak nazioartean sortu ditzaken zubien inguruan ere hitz egin zuten. Boise State Unibertsitatea ere ezagutu dute, Hizkuntzen Departamentuan euskara irakasten duen irakaslearen eta unibertsitateko historialariaren eskutik, Ziortza Gandarias eta John Bieter hurrenez hurren.

Tourra Basque Blockean

Gainera, delegazioak Basque Block bisitatzeko aukera izan zuen, euskal diasporarentzako leku zinez berezia. Basque Center kultur-gunea, frontoia eta Euskal Museoa ezagutu zituzten Teresa Franzoiaren eskutik, diasporaren historian aditua den euskal-amerikarra. Horretaz gain, Boiseko ikastola ere ezagutu zuten Sarah Artis zuzendariari esker. Bertan 15 haur inguruk irakasle euskaldunekin ikasten dute.

Boise State Broncos taldeari bisita

Boise State Broncos futbol amerikarreko taldearen instalakuntzen bisita ere egon zen agendan. Unibertsitate mailako talde hau erreferentzia da eskualdean eta Realeko ordezkariek azpiegiturak ezagutzeaz gain, haien filosofia ere ezagutzeko aukera izan zuten, goi mailako kirolarien formakuntzan duten konpromisoa mahai gainean jarriz.

Txuriurdin Amerikanuak peñaren inaugurazioa

Bisitaren momentu gailenetako bat Realak Iparramerikan duen lehenengo peñaren inaugurazioa izan zen, Txuriurdin Amerikanuak peñarena hain zuzen ere. Ekintzak 30 pertsona inguru hartu zituen eta zirraraz beteriko ekitaldia festa giroan ere ospatzeko aukera izan zuten.

Agenda honekin, Realak nazioartean duen presentzia sustatzen jarraitzeko apustu sendoa egin du. Boisekin sortu den harremana estutzen jarraitzea da asmoa, izan ere, Idahoko kapitalak harrotasunez eusten die dituen euskal sustraiei.