Realaren hiru eta lau garaitu du Southampton FC taldea U21 Premier League International Cup txapelketako azkeneko partidan. Neurketa berdinduta iritsi da atsedenaldira eta, emozioz beteriko bigarren zati batean, hiru puntuak eskuratzeko gai izan da txuri-urdina.
Partida intentsitate handiarekin hasi da eta golak oso laster iritsi dira. Akachukwuk baloia lapurtu du area txuri-urdinetik gertu eta Dipepari pasa dio etxeko taldea aurretik jartzeko. Realak oso ondo erantzun du jasotako golari eta hiru minututara berdinketa lortu du Arenzanari esker. Díaz de Alda area kanpotik saiatu da eta aurrelariak baloia sarera bidali du langan jo ondoren. Arenzanak gertu izan du bere bigarren gola, Marchalen erdiraketa on bat errematatu duenean, baina jaurtiketa gutxigatik joan da. Southamptonen lehenengo zatiko aukerarik argiena Merryk izan du, Tompa driblatu eta jaurti duenean. Merinok jokaldi defentsibo bikaina burutu du gola ekiditeko. Nahiz eta bi taldeek abagune argiak izan, partida berdinduta iritsi da atsedenaldira.
Txuri-urdinak oso ondo bueltatu dira aldageletatik eta berehala gerturatu dira Mohameden atera. Bigarren zatia hasi eta minutu gutxitara iritsi da talde donostiarraren bigarren gola. Ramirezek jokaldi bikaina egin du eskuin hegalean eta G. Gorosabelek sarera bidali du baloia. Realak ondo mantendu du baloia, baina O’Brien-Whitmarsh berdinketaren gola lortu du burukada on batekin. Azkeneko minutuetan iritsi dira partidan egon diren beste hiru golak. Txuri-urdinen hirugarrena Carrerak lortu du, orpoarekin eginiko erremate zoragarri batean. Gol ederra lortu du aurrelariak. Luzapenean laugarrena lortu du Agotek, jaurtiketa indartsu batekin. Hurrengo jokaldian markagailuko abantaila murriztu du Ehibhatiomhanek, baina beranduegi izan da.
Hau Realaren azkeneko partida izan da txapelketan. Jokatutako neurketak baliotsuak izan dira ikasten eta hobetzen jarraitzeko, txuri-urdinek talde oso onak izan dituzte eta aurrean.
Fitxa teknikoa:
Southampton FC: Mohamed, Abu, Boot, Armitage, Buck, Bragg, O’Brien-Whitmarsh (kap), Charles (MacLeod, min. 75), Akachukwu (Myers, min. 92), Merry (Ehibhatiomhan, min. 75) eta Dipepa.
Real Sociedad: Tompa, Merino, Díaz de Alda, Ropero, Agote (kap), Lebarbier, Arruti (Agirre, min. 76), Ramírez, G. Gorosabel (Ayo, min. 88), Marchal (Nebreda, min. 61) eta Arenzana (Carrera, min. 76).
Golak: 1-0: Dipepa, min. 6. 1-1: Arenzana, min. 9. 1-2: G. Gorosabel, min. 60. 2-2: O’Brien-Whitmarsh, min. 77. 2-3: Carrera, min. 84. 2-4: Agote, min. 91. 3-4: Ehibhatiomhan, min. 94.
Epailea: Jason Richardson. Etxeko Aburi eta kanpoko Merino eta Carrerari erakutsi die txartel horia.