SPORTING DE GIJON 0-1 SANSE

Guztiz merezitakoa

Vídeo

Sansek hiru puntuak lortu ditu berriro ere El Molinonen huts eta bat irabazi ostean Sporting de Gijonen aurka. Partida borobila egin du talde guztiak eta Olasagastiren gol bakar bat nahikoa izan da gure filialak hiru puntuak lortzeko.

Partida erritmo oso altuarekin hasi da. Sansek bere zelaian sartu du Sporting eta markagailuan aurreratzeko aukera garbiak izan ditu. Hamargarren minuturako bi aukera on izan ditu talde txuri-urdinak: lehena Sangallik izan du, baina bere burukada kanpora joan da Roberto Lopezek jaurtitako falta baten ostean. Eta jarraian Marton ezin izan da iritsi hegaletik jaurtitako erdiraketa on batera. Sansek lehenengo golaren bila jarraitu du, eta hortik gutxira izan du lehenengo zatiko aukera garbiena. Navarrok errematatu du talde guztiak egindako jokaldi konbinatu eder bat, baina langak txuri-urdinen lehenengo gola ekidin du. Lehenengo gola oso gertu izan du talde gipuzkoarrak. Hortik aurrera Sportingek pausu bat aurrera eman du eta partida parekatu egin da. Gure filialak ondo eutsi dio etxekoen aukerei eta bi taldeak huts eta hutseko markagailuarekin joan dira aldageletara.

Atsedenalditik bueltan gure filialak helburu berarekin jarraitu du: aurkariaren atea erasotu baloiaren jabetza erabilita lehenengo gola egiteko. Martonek lehen abisua eman du erremate on bati esker, baina etxeko atezainak kornerrera bidali du baloia. Baina bost minutu geroago iritsi da Sanseren gola: Olasagastik ondo aprobetxatu du Blascoren pase luze bat Mariñoren atea estreinatzeko. Merezitako gola. Talde txuri-urdinak lehenengoa egin eta gutxira iritsi da Sportingen aukera garbiena, baina Marrerok baloia urruntzea lortu du. Asturiarrek estutu egin dute golaz geroztik, baina gipuzkoarrek ez die aukerarik eman berdinketaren gola egiteko. Partida oso serioa jokatu du gure filialak, eta jaitsiera postuetatik behin-behinean irteteko hiru puntu oso garrantzitsu lortu dituzte.

Datorren asteburuan Sansek Gironaren bisita jasoko du Reale Arenan puntuak hirunaka batzeko helburuarekin. Aupa Sanse!


Fitxa teknikoa:

Sporting de Gijon: Mariño (kap.), Milovanov, Babin, M. Valiente, P. Garcia (Oyón, min. 84), Pedro Diaz, C. Rivera (Santamaria, min. 77), Nacho Mendez, F. Villalba, Aitor G. (Kravets, min. 63) eta Berto (Cesar, min. 77).

Sanse: Marrero, Blasco, Rodriguez, Pacheco, Alkain, Sangalli (kap.), Olasagasti, Martin, Navarro (Aldasoro, min. 67), Lopez (Garrido, min. 81) eta Marton (Magunazelaia, min. 81).

Gola: 0-1: Olasagasti, min. 64

Epailea: González Francés. Txartel horia atera die Sportingeko Babin eta F. Villalbari eta Sanseko Sangalliri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!