SANSE 2-2 OSASUNA PROMESAS

Irabaztetik oso gertu

Vídeo

Sansek puntu berri bat eskuratu du Zubietan Osasuna Promesasen aurka bina berdinduta. Txuri-urdinek birritan lortu dute aurrea hartzea eta azken txanpan garaipena lortzeko aukerak izan dituzte, baina berdinketarekin konformatu behar izan dute, nahiz eta irabaztetik nafarrak baino gertuago egon diren.

Partidaren erritmoa oso handia izan da hasieratik. Lehenengo aukera Ruperezek izan du, area aurrealdetik eskuinekoa emanda, baloia langa gainetik joanda. Gorritxoek berea izan dute Agirreren erremate batekin, eta Camarak, ia atepean, arriskua aldentzea lortu du. Ordu erdira iritsi da gola: Gotiren ezkerkada area ertzetik eta Azkunek, adi beti bezala, hanka sartu du baloia sare barrura bidaltzeko. Lehen zatiko azken txanpan kanpokoek neurketa berdintzea lortu dute Guillem Molinak jokaldi on bat bukatu ondoren. Golegileak gertu izan du bigarrena handik gutxira, langa gainetik joan den eskuinkada batekin. Lehen zatiko azkena, Marinentzat, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin, oso gutxigatik kanpora joan dena.

Bigarren zatia ezin hobeto hasi da: gorritxoek pasea atzera eman dute eta Fiabemak akats hori aprobetxatu du aurkaria gainditu eta bigarren gola lortzeko. Txuri-urdinek oso gertu izan dute hirugarrenaZoiloren eskuinkada batekin, baina Ruperez ez da milimetroengatik iritsi. Nafarrak lerroak aurreratzen joan dira eta horietako jokaldi batean berdinketa lortu dute Agirreren burukada batekin, Osambelaren erdiraketaren ondoren ezkerretik. Kanpokoek jarraitu dute eta Ayesak Yoldiren gola saihestea lortu du buruz burukoan geldiketa bikain bati esker. Gure filiala ez da berdinketarekin konformatu eta azken unera arte garaipena lortu nahi izan du, hori lortzeko abaguneekin: Gotiren ezkerkada, atezainak kornerrera urrunduz; Ruperezen eskuinkada, apur bat desbideratuta... Eta azkena, luzapenean, Martinen burukada batekin, Stamatakisek harrapatu duena korner baten irteeran.

Berdinketa honek igoerako playoff postuetan mantentzen ditu txuri-urdinak. Datorren asteburuan, filial berria aurrean: Barça Atletic. Aupa Sanse!

Fitxa teknikoa:

Sanse: Ayesa, Ruperez, Martin, Camara (Cantero, min. 62), Zoilo (kap.), Gorrotxategi, Marin, Dadie (Mariezkurrena, min. 62), Goti (M. Rodríguez, min. 77), Azkune (Orobengoa, min. 77) eta Fiabema (E. Garcia, min. 53)

Osasuna Promesas: Stamatakis, G. Molina, J. More, I. Garriz (kap.), Dufur (R. Azcona, min. 88), Eneko, Jon Garcia (Arguibide, min. 82), Bujan (D. Rabadán, min. 82), Osambela (Mauro, min. 71), Ander Yoldi eta Agirre (Svensson, min. 71).

Golak: 1-0: Azkune, min. 31; 1-1: G. Molina, min. 41; 2-1: Fiabema, min. 46; 2-2: Agirre, min. 60

Epailea: Lopez Parra. Txartel horia erakutsi die etxeko Gorrotxategi eta Mariezkurrenari eta kanpoko Osambela, Dufur, Mauro eta Svenssoni.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!