Komunikatu ofiziala

Joan den astelehenean, azaroaren 2an, Arbitroen Batzorde Teknikoak argitaratu zuen komunikatuaren arabera, Connected Ball sisteman eragin tekniko bat dago, joan den igandean, azaroaren 1ean, jokatutako partidaren esparruan. Horren harira, Realak egokitzat jo du honako gogoeta hauek egitea.

Gure ustez, penaltia eragin zuen ekintzan hiru gertakari desberdin egon ziren:

·       Lehenik eta behin, zelai-arbitroaren hautemate-akatsa: penaltia adierazi zuen, Realeko jokalariak baloia ukitu zuela ohartarazi gabe, Athletic Clubeko aurrelariarekin kontaktua izan aurretik.

·       Bigarrenik, akats bat VOR aretoaren berrikuspen-prozeduran. Bertan ez zen identifikatu, eskuragarri zeuden irudiak aztertuta, Realeko jokalariak baloiarekin aldez aurretik izan zuen kontaktua eta zelaiko arbitroaren hasierako erabakiari eutsi zitzaion, ikus-entzunezko baliabide guztiak izan arren. Horrek argi eta garbi erakusten du akats bat izan dela eskuragarri dauden irudiak berrikusteko prozeduran, irudiek erakusten baitute Realeko jokalariak baloia ukitu zuela Athletic Clubeko aurrelariarekin kontaktua izan aurretik. Beraz, frogatuta geratu da ez zirela aztertu beren esku zeuden irudi guztiak.

·       Hirugarrenik, akats bat Connected Ball sisteman. Batzordeak aitortzen duen bezala, baloiaren seinalearen eta VARak erabilitako irudien arteko fotograma baten eta biren arteko sinkronizazio-desfase bat zegoen, eta, horren ondorioz, sistemak emandako informazioa ez zetorren bat jokalekuan gertatutakoarekin. Horrek argi eta garbi baldintzatu zuen epaile-taldeak jokaldia interpretatu izana, eta Batzordeak berak onartu zuen akatsa gertatu zela.

Hiru gertakari horiek agerian uzten dute gertatutakoa ezin dela mugatu epaile-erabaki zehatz batera, ezta eragin tekniko isolatu batera ere. Egoera horrek eragina du epaile-taldearen esku dauden irudien ikusizko berrikuspen-prozeduran, bai eta tresna teknologiko baten fidagarritasunean eta/edo kalibrazioan ere, tresna hori erabiltzeak ahalik eta zehaztasun eta objektibotasun handiena eskaini behar baitu.

Ildo horretan, ezinbestekotzat jotzen dugu funtsezkoak diren galderei ematen zaien erantzuna hobetzea:

•         Zein izan zen VOR aretoan ikus-entzunezko baliabideak egiaztatzeko prozedura jokaldiaren berrikuspenean?

•         Nola kalibratzen da Connected Ball sistema, eta nor arduratzen da kalibrazio hori egiteaz eta behar bezala funtzionatzen duela bermatzeaz?

•         Zer gainbegiratze-mekanismo daude sinkronizazio-desfaseak detektatzeko, sistemaren informazioa arbitraje-erabaki bat hartzeko erabili aurretik?

Gertatutakoak agerian uzten du beharrezkoa dela VOR aretoko ikus-entzunezko egiaztapen-prozedurak berrikustea eta indartzea, eta Connected Ball sistema kalibratzea eta gainbegiratzea. Ez da nahikoa sinkronizazio-desfase bat dagoela onartzea: ezinbestekoa da jakitea zergatik gertatu zen, zer mekanismok detektatu behar zuten, eta zergatik ez zen saihestu informazio horrek arbitraje-erabaki bat baldintzatzea, jokaldiaren berrikuspenean VOR aretoan eskuragarri zeuden ikus-entzunezko baliabideak erabiliz. Realaren ustez, gertakari horiek prozesuak eta jarduera-protokoloak berrikusteko eta hobetzeko balio behar dute.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!