REAL SOCIEDAD 2-1 SL BENFICA (UEFA YOUTH LEAGUE)

Lehian jarraitzeko

Vídeo

UEFA Youth Leagueko gure taldeak lehen garaipena lortu du Benficari 2-1 irabazita Zubietan. Hiru puntu oso garrantzitsu hurrengo txandara sailkatzeko lehian jarraitzeko aukera ematen diena.

Hasiera frenetikoa izan da. Txuri-urdinak ziztu bizian atera dira eta ordu laurden eskasean partida bideratzea lortu dute. Lehenengo, Ramirezen erdiraketa batekin, Arenzanak area barruan ezkerkada eder batekin errematatu duena sare barrura, eta minutu batzuk geroago, Otaduiren burukada batekin, Olarraren erdiraketaren ostean ezkerretik. Ikusgarria. Lisboarrek berehala erantzun dute eta Varela aldeak murrizteko zorian egon da, baina Amenabarrek atepetik urrundu du baloia. Atsedenaldia baino lehentxeago Rafael Luisek abagune berri bat izan du etxekoentzat, baina Velarderen eta zutoinaren artean gola eragotzi dute. Korner horretan, hain zuzen ere, eta lehen zatiko azken abagunean, portugaldarrek gola sartzea lortu dute, João Regok areaz kanpotik egindako erremate baten ondorioz eta haizeak lagunduta.

Aldageletatik igaro ondoren ere berdintasuna mantendu da. Abagune faltak bigarren denbora markatu du; lisboarrek berdinketa bilatu dute eta txuri-urdinek ondo defendatu dute, baina sufritu gabe. Aukera gutxietako bat João Regok izan du, area kanpotik egindako erremate batekin, Velardek arazorik gabe harrapatu duena. Txuri-urdinek ere berea izan dute langa gainetik joan den Olarraren ezkerkada batekin. Partida kontrolpean egon da une oro, baita donostiarrak azken txanpan hamar jokalarirekin geratu direnean ere. Azken abagunea Nuno Felixek buruz kanpora bidali duen falta batean etorri da. Markagailua, zorionez, ez da berriro mugitu.

Lehen garaipena Benficarengandik puntu bakarrera jarri den Realarentzat. Portugaldarrak bigarren postuan daude eta helburua gainditzea da hurrengo kanporaketara sailkatzeko. Hiru aste barru RB Salzburg hartuko dute berriro Zubietan. We are Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Velarde, Amenabar (Astiazaran, min. 74), Beitia (kap.), Astigarraga, Olarra, Lebarbier, Arruti (Behobide, min. 86), Ramírez, Mariezkurrena, Otadui (Garro, min. 64) eta Arenzana (Gorosabel, min. 74).

SL Benfica: Velickovic, Diogo Spencer, Nuno Félix, João Fonseca, Tiago Parente (João Conceição, min. 81), Diogo Prioste (kap.), Rafael Luis, Silva (Gonçalo Moreira, min. 76), João Rego (João Veloso, min. 81), Ivan Lima (Olívio Tomé, min. 66) eta Gustavo Varela.

Golak: 1-0: Arenzana, min. 5; 2-0: Otadui, min. 13; 2-1: João Rego, min. 42

Epailea: Jasper Vergoote (Belgika). Txartel horia erakutsi die etxeko Otadui, Amenabar, Arenzana, Beitia eta Garrori eta kanpoko João Rego, João Fonseca eta Rafael Luisi. Txartel hori bikoitza erakutsi dio etxeko Gorosabeli (min. 86).

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!