WALKING FOOTBALL

Ondo pasatzeko prest Arrasaten

Arrasaten ere hasiera eman zaioa Walking Football proiektuari. Real Sociedad Fundazioaren ekimena hau berrogeita hamabost urtetik gorako pertsonengan bizimodu aktibo eta osasungarria sustatzea du helburu.

Joan den asteartean hamar bat parte-hartzaile Arrasaten ospatutako lehen entrenamendura bertaratu ziren, Bixio Gorriz eta Mitxel Loinaz beteranoekin batera, kirola modu lasai eta dibertigarrian egiteko asmoz.

 Walking Football futbol modalitate bat da, bizimodu aktiboa mantentzen eta ondo pasatzen laguntzeko diseinatua. Futbolean jokatzean datza, baina aldaketa batzuekin: oinez jokatzen da, kontaktua saihesten da eta ezin da baloia buruaren gainetik altxatu, besteak beste. Realeko entrenatzaile batek gidatuta, ordubeteko ariketa atsegina egin dute lehen egun honetan.

Hau hasiera besterik ez da izan. Ostegunero Arrasaten entrenamenduak egongo dira hamaiketatik hamabiak eta erdiraino. Arrasatez gain, Zubietan eta Beasainen ere egingo da Walking Football, astean behin entrenamenduak eginez. Real Sociedad Fundazioaren proiektu honek Adinberri, Donostia Lagunkoia, Matia, Adinkide, Agujipens (Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkartea), Arrasateko Udala eta Beasaingo Udalaren babesa du.

Kirola egiteko beste modu batez gozatu nahi duten 55 urtetik gorako pertsona guztiek Walking Footballen izena eman ahal izango dute esteka honen bidez: https://forms.office.com/r/Li5WvbtaLC. Arrasateko eta Beasaingo kiroldegietan ere izena emateko orriak egongo dira.

Zalantzarik izanez gero, [email protected] helbidean edo 943 46 28 33 telefonoan argitu daitezke.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!