Sansek bat eta bi galdu du Bilbao Athleticen aurka gaur eguerdian Zubietan jokatutako derbian. Txuri-urdinek aurrea hartu dute Ochiengek bigarren zatian sartutako golari esker, baina ezin izan diote emaitzari eutsi eta azken txanpan jasotako gol batekin galdu dute.
Partida intentsitate handiarekin hasi da, baina minutuek aurrera egin ahala bilbotarrak nagusituz joan dira. Donostiarrak ez dira eroso sentitu kanpokoen presio handia eta joko azkarrarekin. Zurigorriek aurretik jartzeko aukera argiak izan dituzte, baina ez dira fin ibili azken metroetan. Bujanen erdiraketa baten ostean, Ibon Sanchezek Ibai Sanzi pasa dio, baina honek, atea hutsik zuela, ez du errematearekin asmatu eta aldaratzea gora bidali du Varelak. Handik gutxira, Fragak geldiketa bikaina egin dio Ibai Sanzi bakarrik geratu ondoren. Azken minutuan, Orobengoak aurretik jartzeko aukera izan du, baina bere jaurtiketa gora joan da eta partida hutsean iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatian, neurketak ildo beretik jarraitu du, eta filial zurigorriak aukera argia izan du Varelak zutoinera bidali duen jaurtiketa batean. Handik gutxira, Ibai Sanzek kanpora bidali du korner batean egindako errematea. Gipuzkoarrak hobetuz joan dira, eta bizkaitarren korner baten ondoren, kontraeraso bikain bat egin dute, Ruperezek baloia erdiratu du eta Orobengoak ukitu ondoren, Ochiengek txuri-urdinak aurretik jarri ditu. Pozak ez du asko iraun, handik gutxira Hierrok berdinketa lortu baitu Varelak baloia berreskuratu ondoren. Azken txanpan, Azkunek partida irauli du Beñat Garciaren erdiraketa errematatuta. Ez da gehiagorako denborarik izan eta partida bat eta bikoarekin amaitu da.
Porrot gogorra Sanserentzat, izan ere, joaneko derbian gertatu bezala, azken minutuetan galdu baitu. Hala ere, Bigarren Mailara igotzeko playoff postuetan jarraitzen dute. Datorren astean Sestao Riverren aurka jokatuko dute Las Llanasen.
Fitxa teknikoa:
Sanse: Fraga, Rupérez, Lebarbier, P. Rodríguez (kap.), Balda, Carbonell, M. Rodríguez (Díaz, min. 75), Ramírez (E. García, min. 46), Goti, Ochieng (Astiazaran, min. 79) eta Orobengoa (Carrera, min. 75).
Bilbao Athletic: Santos, Duñabeitia (Johaneko, min. 71), Izagirre, De Luis, Aguilar, Rego, Gerenabarrena (kap.), Buján (Olabarrieta, min. 67), Ibon Sánchez (Beñat García, min. 86), Varela (Azkune, min. 71) eta Ibai Sanz (Hierro, min. 67).
Golak: 1-0: Ochieng, min. 66; 1-1: Hierro, min. 71; 1-2: Azkune, min. 89.
Epailea: De Ena Wolf. Txartel horia erakutsi die etxeko M. Rodríguez, Carbonell, Goti eta Baldari eta kanpoko Izagirre, Varela eta Hierrori.