Realak bana berdindu du gaur arratsaldean Zubietan Levante UD taldearen aurka norgehiagoka oso lehiatu batean Ligako talderik onenetako bati aurre egin eta landutako puntua lortzeko.
Lehen zatia oso parekatuta egon da, baina kanpokoek eman dute honen pisua. Beraien aukerarik onena lehen minutuetan iritsi da, Antoniaren erremate gurutzatu batekin, zutoinean jo eta gero. Txuri-urdinek erasoan izan duten abiadura aprobetxatu dute markagailuan aurrea hartzeko: Tejadaren baloi luzea, Franssik erdiko atzelariei aurre hartu die eta baloia Jenseni eman dio, honek areaz kanpotik egindako eskuinkada batekin gola sartzeko. Levantek baloiaren jabetza izan du eta jokaldi landu batean Erikak neurketa berdintzea lortu du, baina azkenean baliorik gabe utzi dute jokoz kanpo zegoelako. Antoniak kanpokoen arriskua eraman du berriro eskuin hegaletik eta bere barnekaldi batek beldurra sartu die berriro txuri-urdinei, baina Letek arazorik gabe harrapatu du baloia.
Levanteren nagusitasunak aldageletatik igaro ostean jarraitu du eta, nahiz eta arrisku handirik sortu gabe, Erikak partida berdintzea lortu du penalti puntutik. Paulak gertu izan du kanpokoen bigarren gola, baina bere errematea desbideratuta joan da. Beste behin saiatu da Antonia, Lete arriskua uxatzen zegoelarik. Levanteren aukerarik argiena Gabi Nunesen burukada baten ondoren iritsi da, kanpoara joan dena gutxigatik. Donostiarrek eutsi egin diete kanpokoen etengabeko erasoei eta, minutuek aurrera egin ahala, gora egin dute. Azken hogei minutuak txuri-urdin kolorekoak izan dira, behin eta berriz garaipena lortu nahian, baina ez dute hori lortzeko aukerarik izan.
Puntu ona, eta justua azkenean, Realak batu duena Championsen sartzeko lehian egongo den talde baten aurka. Datorren igandean Europako talderik onena bisitatuko dute: FB Barcelona. Aurrera Reala!
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: Lete, Emma, Tejada, Vanegas (Etxezarreta, min. 66), Izarne (Viles, min. 66), Apari, Andreia, Lorena, Franssi, N. Eizagirre (kap.) (I. Arnaiz, min. 66) eta Jensen (Mirari, min. 81).
Levante UD: Holmgren, Antonia S., S. Lloris, M. Méndez (kap.), N. Mendoza (Alharilla, min. 79), Paula T. (Estela, min. 79), P. Fernández, Sosa Martín, Andonova (Aixa Salvador, min. 73), Érika eta Gabi Nunes (A. Torrodà, min. 89).
Golak: 1-0: Jensen, min. 23; 1-1: Érika (pen.), min. 54
Epailea: Espinosa Ríos. Txartel horia erakutsi dio etxeko Vanegasi.