Gure hirugarren taldeak bana berdindu du gaur arratsaldean UD Mutilveraren aurka Mutilvan jokatutako neurketan. Lehen zatiko lehen minutuetan partida parekatua izan da, baina pixkanaka txuri-urdinen aldera egin du norgehiagokak kanpokoek sortutako abagune ugariei esker. Mutilverak abisua eman du partida hasieran, baina bere jokaldi arriskutsuenak bertan behera utzi ditu epaileak jokoz kanpo adierazita. Bestalde, Sergio Franciscoren taldeak hainbat alditan hartu ahal izan du aurrea markagailuan Orobengoa, Pontones edo Canteroren erremateei esker. Hala ere, aukerarik argiena azken honek izan du lehen zatiaren amaieran, baina zelai erditik egin duen jaurtiketa langa gainetik joan da gutxigatik. Gehiago merezi izan dute gipuzkoarrek lehen zatian, baina ez dute asmatu aurkariaren ate aurrean. Atsedenaldian, huts eta hutseko berdinketa markagailuan.
Bigarren zatiaren ostean, txuri-urdinek lehen golaren bila jarraitu dute, baina ez dute arrakasta handirik izan. Aukerak iristen ari dira Ekizaren ate ingurura, baina gola ez dira 64. minutura arte iritsi: Iker Kortajarenak area ertzean falta bat eragitea lortu du, eta etxeko atezainak ezin izan du ezer egin kapitain txuri-urdinaren jaurtiketa gelditzeko. Merezitako gola. Ordutik aurrera, etxekoak berdinketaren golaren bila joan dira, eta txuri-urdinak markagailuaren errenta defendatzen saiatu dira. Kanpokoek ez dute asko sufritu atzean, baina, korner batean Perezek aldaratze bat aprobetxatu eta berdinketaren gola sartu du. Jaime Diosek etxekoentzat eta Kortajarenak kanpokoentzat izan dute garaipenaren gola azken minutuetan, baina neurketa banakoarekin amaitu da.
Sergio Franciscoren mutilek beste berdinketa bat lortu dute, nahiz eta gehiago merezi izan duten partida osoan zehar egindako ahaleginaren ostean. Hurrengo jardunaldian Izarraren bisita izango dute Zubietan. Aurrera Reala!
Fitxa teknikoa:
UD Mutilvera: Equiza, Collante, Briñol, Etxeberria (Cubillas, min. 81), Ayensa (kap.), Soroa (Jaime Dios, min. 65), Lopez (Martinez, min. 65), Arana (Barberena, min. 81), Aizpun, Erice eta Saralegi (Aldave, min. 75).
Real C: Ortega, Beitia (Cortes, min. 65), Sukia, Cantero, Azurmendi, Zubillaga, Gorrotxategi, Kortajarena, Dadie (Canales, min. 81), Pontones (Arzak, min. 65) eta Orobengoa.
Golak: 0-1: Kortajarena, min. 64; 1-1: Cubillas, min. 84
Epailea: Lou Ballano. Txartel horia atera die etxeko Jaime Diosi eta kanpoko Orobengoa, Azurmendi eta Canalesi.