‘ZALEGUNEA’ SORTU DA, PARTIDA EGUNETARAKO PROPOSAMEN BERRIA

90 minutu baino askoz gehiago

Realak aisialdirako, gastronomiarako eta entretenimendurako aukerak zabaltzen jarraitzen du, zale txuri-urdinen partida egunetako esperientzia hobetzeko. Keler Espazioa eta Topagunea erreferentziazko bi gune dira dagoeneko partiden aurreko eta ondorengo giroaz gozatzeko. Orain, Zalegunea gehitu zaie, eskaintza gastronomikoa zabaltzeko eta Anoeta futbolaren 90 minutuetatik harago gozatzeko gune bihurtzen laguntzeko.

'Zalegunea' sortu da

Zaleguneak Anoetako beheko eraztun osoa hartzen du, eta eskaintza gastronomikoa zabalduko du kanpoko establezimenduen janari-postuekin. Ohiko 35 ostalaritza-salmentaguneei, besteak beste, Mundukuonaren patata-tortillaren ogitartekoak eta Okelanen hanburgesak eskaintzen dituztenei, aukera berriak gehituko zaizkie, zaleei eskaintza askotarikoagoa emateko.

Ekimen berria igande honetan jarriko da martxan, Deportivo de A Coruñaren aurkako partida dela eta. Neurketa 16:15ean hasiko da, eta ateak irekitzen direnetik, 15:15etik, partida amaitu arte, zaleek honako eskaintza hauek izango dituzte eskura, harmailaz harmaila banatuta:

· Familia Harmaila: Doña Chepina (Mexikoko janaria).

· Ekialdeko Harmaila: DG&FE (Argentinako sukaldaritza) eta Bakerboyz (gozotegia).

· Hego Harmaila: Ibaia Kebab.

· Harmaila Nagusia: Perro (hot dogak).

Establezimenduak txandakatuz joango dira, eta, beraz, eskaintza aldatuz joango da denboraldian zehar. Kanpoko janari-postu horietan txartelarekin bakarrik ordaindu ahal izango da.

Zalegunea hazten jarraitzeko eta zaleen topagune bihurtzeko asmoz sortu da, eta aisialdirako eta entretenimendurako proposamen berriak gehituz joango da pixkanaka.

Keler Espazioa eta Topagunea, zale guztientzako guneak

Eskaintza osatzeko, Keler Espazioa eta Topagunea ere izango dira, partiden aurretik eta ondoren Anoetaz gozatzeko aukera gehiago eskaintzen dituzten bi gune. Partidarako sarrerarik ez dutenentzat ere zabalik egongo dira biak, Realaren inguruko giroa elkarrekin bizitzeko aukera emateko.

Keler Espazioa 14:15etik 19:15era egongo da zabalik igande honetan. Tarte horretan, bertako hiru eremuak, Gastrogune, LG Gaming eta Haurren Gunea, martxan egongo dira, gastronomiaz, aisialdiaz eta entretenimenduaz gozatzeko hainbat aukera eskainiz.

Bestalde, Topagunea 8. ateraino zabalduko da, eta 14:15etik 19:15era egongo da irekita. Musika eta jateko eta edateko hainbat aukera eskainiko dituzten food truckak izango dira bertan.

Zalegunea, Keler Espazioaren eta Topagunearen osagarri, beste urrats bat da zaleen partida egunetako esperientzia hobetzeko bidean. Hala, Anoetak gastronomiarako, aisialdirako eta entretenimendurako aukerak zabalduko ditu, partida eguna modu osoagoan bizitzeko proposamen berriekin, futbolaren 90 minutuetatik harago.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!