REAL BETIS 3-1 REAL SOCIEDAD

Agur luzapenean

Vídeo

Agur Kopari. Reala Kopako txapelketatik at geratu da gaur Villamarinen hiru eta bat galdu ostean. Lehen zatian aurrea hartu arren, txartel gorri bidegabe batek bigarren denbora baldintzatu du eta etxekoek berdinketa lortu dute luzapenean garaipena lortzeko.

Partidako lehen aukera argian Realak markagailua irekitzea lortu du. Gorosabelen erdiraketa baten ostean, Oyarzabalek Joel gainditu du errematean. Donostiarrak aurretik jarri dira eta ez dute estutasunik izan lehen zatian, Remiroren aurka arriskua sortzeko gai izan ez den Betisen aurka.
Bigarren zatia albiste txar batekin hasi da, Mateu Lahozek huts egin baitu. Bigarren txartel horia erakutsi dio Illarrari Sidneik lotsagabe eta lotsagarri egin duen jokaldi batean. Epaileak gertatu ez dena ikusi du eta Illarra aldageletara joan da, bigarren zati osoan hamar jokalarirekin geratuz. Betisek aukera ona izan du Lainezen erremate batean berdinketa lortzeko. Realak, hamarrekin ere, bigarrena sartzeko aukerak izan ditu. Lehenengo, oso gutxigatik Portu iritsi ez den erdiraketa batean, eta, ondoren, Joelek gola kantatzen ari ginela Portu berari atera dion jaurtiketa batean. Imanolen taldea ondo defendatu da, eta Sanabria kanporatzearekin berdindu egin dira indarrak. Baina hamar jokalarirekin geratu eta gutxira, Betisek partida berdindu du Canalesek area ertzetik egindako ezkerkada batekin. Azken txanpan, betikoek bi argi izan dituzte irabazteko, baina ez dute asmatu. Partida luzapenera.

Bertan, Reala ondo hasi den arren, Joelek aldaratutako Barrenetxea eta Januzajen jaurtiketekin, Betis izan da abantaila hartu duena. Borja Iglesiasek baloi luzea aprobetxatu du Remiro gainditzeko. Realak berdinketa lortu ahal izan du, Merquelanz burukada batekin. Luzapeneko bigarren zatian Borja Iglesiasek, buruz, hirugarrena egin du.

Ligari eta taldeak aurrean dituen gainerako erronkei erreparatu behar zaie orain. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Betis: Joel Robles, Montoya (Emerson, min.116), Mandi (cap), Sidnei (Víctor Ruiz, min.56), Alex Moreno, Paul (Borja Iglesias, min.85), Fekir (William, min.85), Lainez (Joaquín, min.67), Canales, Tello (Rodrigo, min.67) eta Sanabria.

Real Sociedad: Remiro, Gorosabel (Januzaj, min.85), Aritz (Carlos Fernández, min.91), Le Normand, Monreal, Illarra (cap), Merino, Guridi (Zubeldia, min.54), Oyarzabal (Zubimendi, min.64), Portu (Barrenetxea, min.85) eta Isak (Merquelanz, min.65).

Golak: 0-1: Oyarzabal, min.13. 1-1: Canales, min.78. 2-1: Borja Iglesias, min.96. 3-1: Borja Iglesias, min.111.

Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak etxeko Lainez eta Victor Ruizentzat eta Le Normand kanpotarrarentzat. Txartel hori (bi hori) Illarrarentzat 48. Minutuan eta Sanabriarentzat 75.ean

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!