Sansek 2-1 galdu du Johan Cruyff zelaian Barça Atleticen aurka. Camarak lehen zatian ikusi duen gorri zalantzagarri batek asko baldintzatu ditu txuri-urdinak; bigarrenean, indarrak berdindu direnean, bikain lehiatu dute dira eta gutxienez puntu bat lortzeko merituak egin dituzte.
Katalanak nagusi izan dira lehen zatian, baina jokaldi erabakigarria iritsi den arte aukera bakarra sortu dute. Cuellarrek, buruz burukoan, lehen gola sartzeko aukera izan du, baina Ayesak saihestu egin du. Atsedenaldira iritsi baino hamar minutu lehenago, Camarak txartel gorri oso zorrotz bat ikusi du Percani apur bat eutsi ostean; horrek ez dio eragotzi jokaldiarekin jarraitzea, baina etxeko aurrelaria lurrera joan da baloira iritsi ezinik zegoela ikusi duenean. Sinestezina. Handik gutxira, ia ulertzeko astirik gabe, Percanek berak etxekoak aurreratu ditu, Pau Victorrek ezkerretik egindako erdiraketa errematatu ondoren. Atsedenaldira iritsi bainoa lehen, Cuellarrek aldaratze bat aprobetxatu du etxekoen garaipena bideratzeko.
Katalanek estutzen jarraitu dute euren nagusitasun numerikoari esker. Ayesak, izar moduan, Percanen eta Pau Victorren erremateak saihestu ditu. Jokoa hasi eta minutu gutxira Mikayilek gorria ikusi du eta indarrak berdindu egin dira. Hortik aurrera, nagusi izan dira argi eta garbi txuri-urdinak: Gotiren ezkerkada gorantz, Marc Vidalek urrundu duen Azkuneren beste bat... Eta azkenean, falta batean Mariezkurrenak baloia area barruan jarri du, Canterok buruz jo du baloia eta Jon Merino bigarren zutoinean agertu da baloia sare barrura bidaltzeko. Donostiarrak hobeak izan dira eta amaieraraino estutu dute; zoritxarrez, etengabe saiatu arren, markagailua ez da aldatu.
Aipatu dugunak asko baldintzatzen du porrota. Txuri-urdinek denboraldiko irteerarik zailenetako batean maila altuan lehiatzeko gai direla erakutsi dute indarrak berdindu direnean. Orain, hurrengo asteburuko partiuan pentsatu beharra dago, gure filialak Anxo Carro bisitatuko duenean CD Lugoren aurka jokatzeko.
Fitxa teknikoa:
Barça Atletic: Marc Vidal, M. Casado (kap.), S. Dominguez, Mikayil, Gerard Martin, Bernal (Mbacke, min. 69), Moha M., Aleix Garrido, Cuellar (Dani R., min. 69), Pau Victor eta Percan (Unai, min. 69).
Sanse: Ayesa, Dadie (Arzak, min. 89), Beitia, Camara, Cantero, Zoilo (kap.), E. Garcia, Lebarbier (Merino, min. 64), Goti (M. Rodriguez, min. 64), Azkune eta Fiabema (Mariezkurrena, min. 64).
Golak: 1-0: Percan, min. 40; 2-0: Cuellar, min. 43; 2-1: Merino, min. 65
Epailea: Gordillo Escamilla. Txartel horia erakutsi die etxeko M. Casado eta Pau Victorri eta kanpoko Cantero, E. Garcia, Azkune eta Zoilori. Txartel gorri zuzena erakutsi die etxeko Mikayili (min. 57) eta kanpoko Camarari (min. 35).