BISITA INSTITUZIONALA

"Proiektu garrantzitsu eta arrakastatsuak eraiki nahi ditugu Yasudarekin Japonian"

VĂ­deo

Realak eta Yasuda Groupek sinatu berri duten akordio estrategikoa aurkeztu dute gaur eguerdian Japoniako hiriburuan. Prentsaurrekoa Tokyo Midtown Hall & Conference egoitzan egin da, eta bertan bi erakundeetako agintari nagusiak eta Japoniako 30 komunikabide inguru izan dira.

Ekitaldiari hasiera emateko, familia argazkia eta aurkezpenak egin dira, ongietorri-mezuekin jarraituz. Bi erakundeek Japoniak duela astebete jasan zuen lurrikararen biktimak eta kaltetuak gogoan izan dituzte ekitaldi hasieran. Keisuke Yasudak, Yasuda Groupeko CEOak, ongietorria eman du Realak Japoniara egindako bisita eskertuz. Bere hitzaldian, Yasuda eta Reala bide berdinean doazela azpimarratu du. Haien ibilbidea beste herrialde batzuetan garatu nahi duten gazte japoniarrentzako hitzak izan ditu, eta Japonian futbolean jokatu nahi duten gazteen prestakuntzaren inguruan ere hitz egin du.

Ondoren, Jokin Aperribayk eskerrak eman dizkio Yasudari orain arte jasotako tratu bikainagatik, eta ilusioz hartu du biek aurrean duten lana. "Reala Japoniako herriari gehiago hurbiltzen saiatuko gara. Gero eta jende gehiago dago Realaren, Zubietaren eta hiriaren inguruan. Japoniar herriarentzat poztasun iturri izaten jarraitu nahi dugu. Yasudarekin batera proiektu garrantzitsu eta arrakastatsuak prestatuko ditugu Japonian". Realeko presidenteak baieztatu duenez, 2024an Realeko lehen taldea Japoniara joango da Tokyon partida bat jokatzeko. "Ilusio handia egiten digu gure jokalari onenekin etortzeak eta Realaren koloreak Japonian egoteak", adierazi du Aperribayk.

Bi erakundeen arteko akordio estrategikoak Japonian modu egonkorrean garatzeko programa bat sortzea ere badakar. Roberto Olabek baieztatu du proiektua berehala hasiko dela Realeko entrenatzaileekin, lehenik teknifikazio zentroekin eta ondoren akademiarekin. "Gure ahalegina prestakuntzan, garapenean eta hezkuntzan egiten dugu. Pertsonaren zaintza eta jokoaren ulermena dira gure zutabeetako bi. Jokalari japoniarra Realaren ondorengotza lerroko programaren parte izatea nahi dugu ", adierazi du Olabek.

Ekitaldia familia argazki batekin eta hedabideen elkarrizketekin amaitu da. Argazkiak egiteko eta autografoak sinatzeko aukera ere izan da. Ekitaldian Reala Nippon peñako kideak eta LaLigako ordezkari bat egon dira.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!