AKZIODUNEN BATZAR NAGUSIA

“Erronka Europa izatea da, ilusioz, anbizioz eta exijentziaz”

Vídeo

Jokin Aperribayk Reale Arenan Europako partiden segurtasuna aipatuz hasi du bere hitzaldia Akziodunen Batzar Nagusian. “Gure lehentasunik handiena pertsonen segurtasuna da", azpimarratu du Realeko presidenteak, Europako neurketak "kezka" izan direla aitortuz. Hori dela eta, "kanpoko taldearen harmailean egindako obrak eta hartutako neurriak gure bazkideen segurtasuna areagotzera bideratuta egon dira”.

Presidenteak Amarako bizilagunek taldearen harreretan jasaten dituzten eragozpenak ere aipatu ditu. “Taldeari egindako harrerekin kaltetuta ikusten diren pertsonei entzun behar diegu. Auzi hau konpontzeko erabateko borondatea dugu. Amarako herritarren gaineko eragina murrizten saiatuko gara, taldearen autobuserako ibilbide berri bat proposatuz”.

Esker oneko hitzak izan ditu familia txuri-urdin handiarentzat. “Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei jasotzen dugun babes apartagatik. 37.936 bazkide ditugu. Ia % 20 emakumeak dira. 15 urtetik beherakoen artean, % 28 neskak dira. Joan den denboraldian, 32.726 ikusle izan genituen bataz beste. 9 partidetan sarrerak agortu ziren. 4.768 RS Fan ditugu. 5.815 pertsona daude itxaron-zerrendan. 20 milioi jarraitzaile baino gehiago ditugu sare sozialetan... Eskerrik asko guztioi”.

Egoera ekonomikoari dagokionez, “orainari eta etorkizunari aurre egiteko iraunkortasunaren eta eraginkortasunaren” ideia azpimarratu du Aperribayk. Klubak egoera ekonomiko sendoa eta egonkorra du, 77,9 milioi euroko ondare garbiarekin.

Aperribayk ikasturte honetan egindako eta gauzatzen ari diren inbertsioak ere azpimarratu ditu. Reale Arenan bere edukiera 42.247 eserlekuetaraino handitzea aurreikusi da, 2.070 eserleku berrirekin eta 10,6 milioiko inbertsioarekin. Zubietan, 22-26 aldian, 35 milioiko inbertsioa egin da, Gainditu eta Gorabide eraikinak birmoldatuta. Dagoeneko amaituta daude, belar-hockeyko zelaiaz gain. Bestalde, Izan eraikinaren azken fasea, emakumezkoen futbolerako dena, ekainean amaituko da. Laster z3 eta z8 zelai berriak eraikitzeari ekingo zaio.

Hitzaldiaren amaieran, Aperribayk Realaren orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa egin du. Liburu berriaz hitz egin du berriro, Klubak oinarri izan behar dituen hiru ideiekin: ilusioa, exijentzia eta anbizioa. “Helburuak argi badituzu, exijentziak oso urrun eraman zaitzake. Erronka Europa izatea da, ilusioz, anbizioz eta exijentziaz”.

Nerea Aramburu kontseilari eta ekonomia eta finantza arloko arduradunak ekitaldiko datu ekonomiko nagusiak errepasatu ditu. 1,2 milioiko emaitza positiboa eta 77,8 milioiko ondare garbia nabarmendu ditu Aramburuk ekainaren 30ean (23-24), baita 148,1 milioiko aurrekontua eta 1,5 milioiko mozkina ere. Amaitzeko, Javier Igarza kontseilariak talde txuri-urdinak aurretik dituen erronka sozialei buruz hitz egin du.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!