JUEBILA, KOREAN

Esperientzia ona

Gure jubenil taldeak Hego Korean ordezkatu zuen kluba, "International Youth Cup" txapelketan, irailaren 3tik 11ra Incheonen lehiatu zen 17 urtez azpiko jokalari talde batekin.


Txapelketa hau K-League (Koreako liga) ligaren 40. urteurrenaren kariaz jokatu zen, talde gazteen lehiakortasuna hobetzeko eta nazioarteko trukeak sustatzeko helburuarekin. Incheon Hiriko Federazioak eta Futbol Elkarteak antolatu eta gainbegiratu dute txapelketa, eta gazteak prestatzeko balio izan du, denboraldia euren herrialdeetan hasi aurretik.

Incheon hirian 36 partida jokatu ziren lau estadio ezberdinetan, horien artean Incheongo Munhak Estadioa, non 2002ko Munduko Futbol Kopako hainbat partida jokatu ziren.

Parte hartu zuten taldeen artean FC Seoul, Suwon Samsung, Jeonbuk Hyundai, Pohang Steelers, Incheon United eta Bupyeong Highschool korearrak egon ziren, eta Reala Europako lau taldeetako bat izan zen, Wolverhapton, RSC Anderlecht eta Valencia CF taldeekin batera. Koadroa osatzen Tokyo Verdy (Japonia) eta Chonburi FC (Thailandia) egon ziren, Asiako gainontzeko taldeak ordezkatu zituzten beste bi klubak.

Kirol arloari dagokionez, txapelketak 2 garaipen, berdinketa 1 eta 3 porrot utzi zizkigun. Espedizioaren buru izan ziren teknikariek oso positibotzat jo dute esperientzia. Egun asko eman dituzte etxetik urrun eta beste kultura batean, elkarbizitza bikainarekin, eta horrek bizkortu egin du taldearen barruan harreman pertsonalak eta loturak sortzeko prozesua.

Txapelketaren eta esperientzia globalaren antolaketa bikaina izan da logistika mailan eta erraztasun asko eman dizkiete arlo guztietan. Halaber, Koreako kulturaren zertzelada batzuk ezagutu ahal izan dituzte, eta une oro erakusten duten errespetua eta hezkuntza miresgarritzat jotzen dute. Incheon edo Seul bezalako hiriak ezagutzeko eta bertako tenplu tradizionalak bisitatzeko astia ere izan dute.

 

Hauek izan ziren partiden emaitzak: 

Real Sociedad 2-0 Wolverhampton

Real Sociedad 0-3 Tokyo Verdy

Real Sociedad 1-2 FC Seoul

Real Sociedad 2-2 Bupyeong Highschool

Real Sociedad 1-3 Suwon Samsung

Real Sociedad 3-1 Chonburi FC

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!