Dena prest dago Bertso Derbirako. Athletic Club eta Real Sociedadeko zale diren bertsolarien ohiko lehiak irekiko du bihar astearteko jardunaldia, gauean itxiko dena San Mamesko partidarekin. Bostgarren edizio honetan, Athletic Club Fundazioak antolatuta Real Sociedad Fundazioa eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin, gaztetasunez beteriko lekua aukeratu du: Leioako UPV-EHU-ko Areto Nagusia. Hambitan hasiko da eta sarrera doan izango da lekua bete arte. Bosgarren edizio honetan, bertsolari hauek hartuko dute parte Fredi Paia, Jone Uria eta Sustrai Colina, Athletic Cluben aldetik; eta Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Amets Arzallus, Real Sociedaden aldetik. Andoni Egaña bertsolariak aurkeztuko du saioa. Bertsotrama baten modura planteatuko du oraingoan. Bertsolari bakoitza trama bateko pertsonaiaren paperean jarriko du tramagileak eta “kiroltasunez” eutsi beharko dio bere pertsonaiari. Kirola eta kultura uztartzeko ahalegina egin nahi da. Horren adierazle edizio hau Leioako Unibertsitateko kanpusean ospatzea. Athletic eta Reala Fundazioek gizalegezko futbol zaletasunaren alde egindako ahalegina da BertsoDerbia, taldeen arteko lehiatik haratago kirolak eta kulturak batu egiten gaituztela sinetsita. Horrez gain, Athletic eta Reala Fundazioek Euskararen Normalizazioan egiten duten ahaleginean kokatzen da BertsoDerbia. Gure hizkuntza eta gure kulturarekiko konpromisoan sakontzeko balio du. “Kiroltasunez” lemapean ospatuko den V. BertsoDerbian, lehiakide izateko modu sanoari heldu nahi zaio; lehiakorrak, zirikatzaileak izango gara jokoan eta oholtzan, guztiaren gainetik ordea herri bereko partaideak gara. “Kiroltasunez” darabilte jokalariek baloia zelaian; eta “kiroltasunez” hitza bertsolariek oholtzan. Jokaldia bezala sortzen dira esaldiak eta bertsoak. Bertsoa ere futbola bezala jarduera kooperatiboa baita, bertsolariek elkarlanean egiten dutena.
