REAL BETIS FEMINAS 2-2 REAL SOCIEDAD

Gazi-gozoa

Vídeo

Realak bina berdindu du gaur goizean Felipe del Valle Udal Estadioan, zapore gazi-gozoa uzten duen partida parekatu eta lehiatuan.

Txuri-urdinak nagusi izan dira lehen zatian, batez ere lehen eta azken minutuetan. Hamar segundora bidali du Amaiurrek lehen abisua, Melinek urrundu duen erremate batekin. Eta bost minutura, ezker hegaletik burututako beste jokaldi batean, ez du barkatu, arean sartu eta jokaldia ondo amaitu ostean. Partida berdinduz joan da minutuek aurrera egin ahala eta etxekoek burukada pare batekin saiatu dira, Mari Paz eta Dorineren bidez, desbideratuta joan direnak. Lehen zatiko azken txanpan, donostiarrek partidaren jabetza hartu dute berriro, eta atsedenaldira abantaila handiagoarekin joan ahal izan dira, Amaiurrek, Franssik eta Palaciosek egindako erremateen ostean, gutxigatik barrura joan ez direnak.

Etxekoak hobeto atera dira aldageletatik igaro ostean eta Angela Sosak berdinketa lortu du falta zuzen batekin. Txuri-urdinek ere berea izan dute, Barbararen burukada batekin, baina Melinek arrapatu du azken momentuan. Donostiarren baloiaren irteera estutzen jarraitu dute sevillarrek, eta amaierarako hogei minuturen faltan markagailua iraultzea lortu dute: Angela Sosaren jokaldia eskuin hegaletik eta Ana Gonzalezi asistentzia atzerantz honek bigarrena egin dezan. Baina txuri-urdinek sinesten jarraitu dute amaierara arte, eta horri esker berdinketa iritsi da Nerearen asistentziaren eta Amaiurren amaiera bikainaren ostean.

Zapore gutxiko puntua gipuzkoarrentzat, nahiz eta egoera zailean iritsi neurketa honetara. Datorren asteburuan Santa Teresa jasoko dute Zubietan. Aurrera Reala!

Fitxa teknikoa:

Real Betis Feminas: Méline, Andrea Medina (Rosa Otermín, min. 34), Ana González, A. Salvador (L. Mendez, min. 84), Mari Paz (Bea Parra, min. 88), Nuria, Rosa Márquez, Dorine, Paula Perea, Angela Sosa eta Valle.

Real Sociedad: Quiñones, Maddi, Maitane, N. Mendoza, Lucia, Itxaso Medina (N. Eizagirre, min. 66), Barbara, Palacios (Manu, min. 76), Gemma, Franssi (Nahikari, min. 76) eta Amaiur.

Golak: 0-1: Amaiur, min. 5; 1-1: Angela Sosa, min. 47; 2-1: Ana Gonzalez, min. 72; 2-2: Amaiur, min. 85

Epailea: Cebollada Lopez. Txartel horia erakutsi die etxeko Ana Gonzalezi eta kanpoko Manu eta Luciari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!