SANSE 3 - 2 SOCUELLAMOS

Heldutasunari saria

Vídeo

Garaipen garrantzitsu bat lortu du Sansek gaur arratsaldean Socuellamosen aurka Jose Luis Orbegozon. Baloi zuzen eta estrategia jokaldietan oso arriskutsua den arerio baten aurrean, Zubietakoek kanpokoen erasoaldiak gelditzen jakin izan dute azken minutuetan hiru puntuak ziurtatzeko.

Etxekoen nagusitasuna nabarmena izan da lehen zatian. Gipuzkoarrek beren zelaian sartu dute Zubiaurreren atera gerturatu ez den talde gaztela-mantxarra. Nagusitasun hori aukera ugarietan bihurtu ez arren, atsedenaldira aurretik joan dira txuri-urdinak. Muguruzak ez du huts egin baloia eskuarekin jokatzeagatik adierazi duen penaltian.

Bigarren zatiak ezin izan du hobeto hasi. Lehen baloian bigarrena sartu du Jauregik talde jokaldi on baten ondoren. Socuellamosek ez ditu besoak jaitsi eta Salvak 2-1ekoa sartu du area ertzetik. Etxekoen erreakzioa berehalakoa izan da. Merquelanzek bikain amaitu du Rodriguesen akzio pertsonal baten ondoren. Kanpokoek abantaila murriztu egin dute berriro ere handik minutu gutxira. Oscar Martinek penalti baten bidez 3-2koa ipini arren, etxekoek sendo eutsi dute azken minutuetan eta sariak ez die ihes egin.

Txuri-urdinak 38 punturekin sailkapenaren erdialdean kokatzen dira. Hurrengo asteburuan Zamudiori egingo diote bisita.  

Fitxa teknikoa:

Sanse: Zubiaurre, Ibarbia, Le Normand, Ugarte, Rodrigues, Zubeldia, Sangalli (Guevara, min. 79), Muguruza (Olaizola, min. 68), Guridi, Merquelanz, Jauregi (Calvillo, min. 86).

Socuellamos: Kevin, Ramon, Alcañiz, Calahorro, Salva, Alex (Nanclares, min. 73), Oscar Martin (Jacinto, min. 81), Miquel, Kike Dominguez, Cortell.

Golak: 1-0: Muguruza (p), min. 37; 2-0: Jauregi, min. 46; 2-1: Salva, min. 51; 3-1: Merquelanz, min. 59; 3-2: Oscar Martin (p), min. 65.

Epailea: Vicente Moral. Txartel horia erakutsi die etxeko Zubeldia, Muguruza, Jauregi eta Zubiaurre, eta kanpoko Miquel eta Ramoni.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!