Bi denboraldi

Loreak Mendian markak jantziko du Reala

Vídeo

Loreak Mendian eta Reala akordio batera iritsi dira, Gipuzkoako moda enpresa talde txuri-urdinaren hornitzaile ofizial bihurtzeko. Hala, emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeak eta Sanseko kideak jantziko ditu, nola denboraldi honetan, hala hurrengoan.

Gaur, akordioa ofizial bihurtu da, honako hauek bildu baitira Reale Arenan: Juan Luis Lasa, Ternua Groupeko presidentea –Loreak Mendian marka Talde horretakoa da–; Jokin Aperribay, Realeko presidentea; eta Mikel Merino, Amaiur Sarriegi eta Beñat Turrientes jokalariak.

Sormenean oinarritutako DNA duen arropa marka honek, modernoa eta funtzionala, nazioartean garrantzi handia eskuratu duenak, etxean dauka bihotza, eta ezin hobeto uztartzen ditu bere balioak eta Realak proiektatzen dituenak. Jatorri bera, erro berberak eta espiritu bera. Bidaietan eta zelaira sartzean, jokalariek eta staffeko kideek kalitate handiko jantziak eramango dituzte soinean. Iraunkortasunaren aldeko apustu sendoa da, horiek ez ezik, partidetan, entrenatzaileek eta talde teknikoak ere bilduma hori jantziko baitute. Marka Reale Arenako euskarri digitaletan egongo da, eta bi eragileek ekintza bateratuak egingo dituzte.

“Lankidetza honek esentzia bera duten bi marka lotzen ditu: gainerakoak ez bezalako klub batena eta modako marka berezi batena; biek nazioartean garrantzia izanagatik, bihotza beti etxean, lurrean, jatorrian dutenak”, adierazi du Juan Luis Lasak akordioaren aurkezpenean.

“Oso pozik gaude Loreak Mendian etxearekin egin dugun akordioa dela tarteko. Klub honek arropa markaren balio berberak ditu. Loreak Mendian Donostian sustraiak dituen enpresa gipuzkoarra da, eta tokian zein nazioartean aintzatespen handia du, egiten duen lan guztiagatik. Uste dugu haren balioak oso ondo egokitzen zaizkiola Realari eta bere bazkide eta zaleei. Ziur gaude elkarrekin ibiltzeak hazten lagunduko digula bioi. Harrotasunez jantziko ditugu Loreak Mendian etxeak ekoitzitako jantziak denboraldi handinahi honetan, realzale guztientzat ilusioz betetako denboraldia izango baita, non hiru talde izango ditugun goi mailako hainbat txapelketatan lehiatzen, eta lehen taldea, gainera, Europan”.

Loreak Mendian markari buruz

Loreak Mendian Donostian sortutako marka bat da, munduari begira dagoena baina bere sustraiei leial eusten diena. 2021ean, enpresak bere 25. urteurrena egingo du, hiriko moda eta moda garaikidea berrinterpretatzea helburu hartuta.

Loreak Mendian markak kalitate handiko jantzien aldeko apustua egin du, ingurumena errespetatzen duen fabrikazio zainduan oinarrituta. Diseinuaren boterea aldarrikatzen du, garai guztietarako jantzi iraunkorrak sortzeko. Loreak Mendian markako arropa janzteak diseinuaren eta funtzionaltasunaren alde egitea esan nahi du. Janzkera moldakorra, egunerokorako edo zeinahi aukera berezitarako ezin hobea. Marka hau Ternua Group euskal taldearen parte da 2019az gero.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!