Sansek denboraldiko lehen porrota jaso du Malagaren aurka La Rosaledan bat eta huts galdu ondoren. Txuri-urdinek partida ona jokatu dute baina ezin izan dute punturik eskuratu azken minutuetan jasotako golaren ondorioz.
Etxekoak nagusi izan dira neurketaren hasieran eta lehen aukera izan dute langatik gora gutxigatik joan den Joaquinen eskuinkada batekin. Gure filiala hobetuz joan da minutuek aurrera egin ahala eta bi abagunerekin erantzun du: lehenengoa, Dadiek area kanpotik egindako jaurtiketa batekin eta, bigarrena, oso argia, Ochiengek baloia berreskuratu eta area barruan sartu ondoren kanpora bidali duen ezkerkadarekin. Donostiarrek ekin eta ekin jarraitu dute eta beste aukera hirukoitza izan dute, baina ez Ochiengek, ez Gorosabelek ezta Orobengoak ez dute aterik aurkitu. Azken minutuetan norgehiagoka parekatu egin da eta markagailua ez da mugitu, atsedenaldira huts eta hutsekoarekin iritsiz.
Bigarren zatian partidaren erritmoa asko jaitsi da eta ez da ia aukera arriskutsurik egon erdialdera arte. Txuri-urdinen iritsiera bakarra Gorosabelen urruneko ezkerkada bat izan da, Herrerok kornerrera bidali behar izan duena. Hortik aurrera, Malagak aurrerapausoa eman du eta, jada azken txanpan, Rafa Rodriguezek neurketako gol bakarra egin du korner bateko aldaratzea txilenaz errematatu ondoren. Gipuzkoarrak gola berdintzen saiatu dira luzapenean, baina ez die ia areara hurbiltzeko denborarik eman eta bat eta hutsekoarekin amaitu da partida.
Denboraldiko lehen porrota Sanserentzat azken minutuetan erabakitako partida parekatu batean. Txuri-urdinek aukerak izan dituzte lehen zatian baina ez dute asmatu eta azkenean ordaindu egin dute eraginkortasun falta. Burua altxatzeko unea da orain. Datorren neurketa ostiralean izango da Almeriaren aurka Anoetan.
Fitxa teknikoa:
Málaga CF: A. Herrero (kap.), C. Puga, Pastor, Montero, Víctor, Izan M. (Juanpe, min. 67), Dotor (Rafa R., min. 82), D. Larrubia, Joaquín (Aarón Ochoa, min. 67), Niño (Lobete, min. 57) eta Dani Lorenzo (Chupe, min. 46).
Sanse: Fraga, Dadie, Beitia, P. Rodríguez (kap.), Agote (Garro, min. 77), Carbonell, M. Rodríguez (Lebarbier, min. 77), Ochieng (Díaz, min. 62), Gorosabel (Astiazaran, min. 87), Orobengoa eta Mariezkurrena (Carrera, min. 62).
Gola: 1-0: Rafa R., min. 86.
Epailea: Alonso de Ena Wolf. Txartel horia erakutsi die etxeko Izan M. eta D. Larrubiari eta kanpoko Carrera eta Garrori.