Realak 2-0 gainditu du Pau Fc taldea Zubietan jokatu den aurredenboraldiko lehen lagunartekoan. Sergio Franciscoren estreinaldian, gipuzkoarrek erritmoa erakutsi dute hasieratik, eta lehen zatiko bi abagune argiak aprobetxatu dituzte lehen garaipena lortzeko. 20. minutuan, Jon Pachecok ezin hobeto errematatu du Braisen erdiraketa aurredenboraldiko lehenengo gola sartzeko. Handik gutxira, geldikako jokaldi baten ondoren, Braisek bakarrik utzi du Barrene,eta bere jaurtiketaren aldaratzea Marinek aprobetxatu du markagailuan 2-0ekoa jartzeko.
Bigarren zatian, Sergio Franciscok hasierako hamaikakoa ia erabat berritu du, jokalari guztiei minutuak emanez. Bestalde, Pau FC behin baino gehiagotan hurbildu da area ingurura, baina frantziarrek ez dute benetako arriskurik sortu. Bigarren zatiko aukerarik argiena Gotik izan du. Carlos Fernandezen pase ikusgarri baten ondoren, Sallesen aurrean bakarrik gelditu da Goti, baina bere jaurtiketa bikain gelditu du atezain frantziarrak.
Garaipen honekin txuri-urdinek sentsazio onekin itxi dute denboraldiaurreko lehen lagunartekoa. Bihar Japoniara abiatuko dira bi lagunarteko jokatzeko bertan.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: Marrero, H. Traoré, Zubeldia (cap), Pacheco, Javi López, Turrientes (Gorrotxategi, min.21), Marín, Brais Méndez, Becker (Marchal, min.21), Barrene eta Karrikaburu. Bigarren zatian jokatu dute: Marrero (Fraga, min.62), Rupérez (Dani Díaz, min.62), Martín (Beitia, min.62), Aritz, Aihen, G. de Zárate, M. Rodríguez (Goti, min.62), Sergio Gómez, Odriozola, Oyarzabal (cap) (Mariezkurrena, min.62) y Carlos Fdez.
Pau FC: Salles, Kalulu (Mille, min.41), Ruiz (Kanté, min.41), Briançon (Glossoa, min.41), Koudou (Karamoko, min.41), Meddah, Ngom (Fernandes, min.41), Beusnard (cap) (Gasnier, min.41), Zuliani, Sadik (Mboup, min.41) eta Versini.
Golak: 1-0: Pacheco, min.20. 2-0: Marín, min.31.
Epailea: Altuna. Txartel horiak Briançon eta Meddah kanpotarrentzat.