Historia txuri-urdina gure kluba handi egin duten izenez beteta dago. Hainbat futbolari eta entrenatzaile izan dira, Realarekiko duten ahalegin, konpromiso eta fideltasunarekin, orri ahaztezinak idatzi dituztenak gure 114 urteetan zehar.
Bide horretan, kirolari batzuek, nahiz eta guztiz merezi, ez dute oraindik Klubaren bereizgarririk handiena jaso: urre eta brillantezko intsignia. Hori dela eta, eta gure kirolari ospetsuenetako batzuekin dugun zor hori konpontzeko asmoz, Realean arrastoa utzi zuten futbolari batzuen ibilbidea aho batez aitortzeko aukera izango dugu laster.
Eta zer hobeto maiatzeko lehen asteburuan Athletic Cluben aurka jokatutako derbia baino, belaunaldi zoragarri bateko ikur izan ziren eta elastiko txuri-urdinarekin lorpen handiak lortzeko atarian geratu ziren lau futbolariri omenaldia egiteko.
Alberto Lopezek (377 partida), Agustin Aranzabalek (353), Aitor Lopez Rekartek (338) eta Oscar De Paulak (302), guztiak lehen talde txuri-urdinean hamar denboraldi baino gehiago daramatzatenak, Klubaren omenaldia jasoko dute Athleticen aurkako partidaren atarian. Alberto, atezainik egonkorrena Arconadaren ondoren eta titular hamarkada oso batean Realaren atean; Aranzabal, jokalari bikain eta fina ezker hegalean; Rekarte, kalitatea bi hegaletatik bi hankak inork ez bezala erabiliz; eta De Paula, golegile isila, beti leku eta une egokian zegoena. Lau jokalari handi.
Ez dira futbolari horiek
bakarrik bere garaian izan ez zuten errekonozimendua izango. Gure beste mito
batek ere, Darko Kovacevicek (286 partida), urre eta brillantezko
intsignia jasoko du. Hurrengo denboraldian 30 urte beteko dira serbiarra
Donostiara iritsi zenetik. Aurrelariaren kalitatea eta golak, Familia txuri-urdinak
Klubaren historiako zazpigarren golegile onena (107) den eta gol gehien dituen atzerritarraren golak
oraindik ere gogoan ditu. Agendak bate egin bezain laster, datorren
denboraldian, Darko Donostiara etorriko da zale gipuzkoarren maitasun guztia
jasotzera.
John Benjamin Toshack ere omenduko dugu. Galestarra, gure historiako entrenatzailerik garrantzitsuenetako bat, Reale Arenan izango da hemendik gutxira merezitako errekonozimendu hau jasotzeko. Realaren historian partida gehien dituen bigarren entrenatzaileak (386), bere palmaresean 87ko Kopako titulua eskuratuta, familia txuri-urdinaren aitortza jasoko du, Realaren aulkira lehen aldiz iritsi zela 40 urte bete direnean.