ELCHE CF 2-3 REAL SOCIEDAD

Zoritxarraren aurrean meritu handiko garaipena

Vídeo

Badaude partida bat markatzen duten erabakiak. Gaur horietako bat izan da. Jon Martinen esku batek, inork ez dakien norabidea zeraman baloi batean, bi goleko abantailarekin bideratuta zegoen neurketa aldatu du. Etxekoek berdinketa lortu dute, baina 90. minutuan Sučićek garaipena eman dio Realari, neurketan gertatutakoaren arabera, merezitakoa bezain lasaigarria.

Partidaren hasiera ona izan da. Hain ona, ezen hamar minutura, korner baten irteeran, Ochiengek area barruan solte geratutako baloia errematatu eta aurretik jarri baititu txuri-urdinak. Etxekoek aurrera egin eta arriskua sortzen saiatu diren arren, Marrero ia ez dute lan egitera behartu. Ordu erdia igarota, Elcheko atzealdearen zalantza bat baliatuta, Herrerak huts eta bikoa sartu du, Ochiengen pasea jaso eta jaurtiketa baten bidez.

Bigarren zatian ez zen gauza handirik gertatzen ari, baina zoritxarreko jokaldi batek Jon Martinen aurkako txartel gorri zorrotz-zorrotza ekarri du, eta horrek hegoak eman dizkio etxeko taldeari. Lemarrek aldea murriztu eta bizirik mantendu ditu berde-zuriak. Hamar jokalarirekin, Realari kosta egin zaio baloiaren jabetzari eustea eta, zorte dezente lagun izan duen jokaldi batean, Fer Niñok berdinketa lortu du, amaierarako ordu laurden falta zela. Azken txanpan sufritzea egokitu da. Etxekoek baloiaren kontrola hartu dute eta garaipena lortzeko aukerak izan dituzte. Baina Matarazzoren mutilek kemena erakutsi dute eta, neurketa okerren zegoenean, Sučićen lasterketa batean, kroaziarrak bi eta hirukoa sartu du, Realari meritu handiko garaipena emateko.

Garaipen hau, etxetik kanpo lortutako lehena, bidean sendotzen ditu txuri-urdinak. Zorionez, ihes egin ez duen partida. Hiru puntu oso gozo.

Fitxa teknikoa:

Elche CF: Dituro, Morente, Sangaré (Revivo, 80. min), Víctor Chust, Bigas (kap.), Valera (Josan, 80. min), Morcillo, Villa (Cepeda, 70. min), Buonanotte (Lemar, 55. min), Ponce (Osorio, 55. min) eta Fer Niño.

Real Sociedad: Marrero, Aramburu, Zubeldia, Sarr (Martín, 58. min), Sergio Gómez, Herrera (Pacheco, 70. min), Soler, Sučić, Ochieng, Guedes (Marchal, 58. min)(Fort, 81. min) eta Oyarzabal (kap.)(Gorrotxa, 70. min).

Golak: 0-1: Ochieng, 10. min. 0-2: Herrera, 32. min. 1-2: Lemar, 62. min. 2-2: Fer Niño, 74. min. 2-3: Sučić, 90. min.

Epailea: Ortiz Arias. Etxeko Morente, Fer Niño, Valera eta Lemar eta Realeko Arambururi txartel horia atera die. Martín egotzi du txartel gorri zuzenarekin, 64. minutuan.

 

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!