Denboraldi amaieran agurtuko da

Eskerrik asko, Reale Seguros!

Denboraldiaren amaieran, Realak agur esango dio bere historiako babesle leial eta garrantzitsuenetako bati. Datorren ekainean erakunde txuri-urdinak eta Reale Segurosek euren bideak banatuko dituzte hamahiru urtez harreman emankor eta estua izan ondoren. Aliantza babes komertzial batekin abiatu zen, eta, urteen poderioz, harreman estrategikoa eta konfiantzazkoa bihurtu zen, oso harreman gogobetegarria izanda.

Jokin Aperribay presidenteak eskerrak eman nahi izan dizkio Reale Segurosi elkarrekin aritutako urte hauengatik guztiengatik: “Realarekin gehien inplikatutako marketako bat izan da, eta Realaren izateko eta egiteko modua hobekien ulertu duenetako bat. Bazkide estrategiko bikaina, klub honetan baliabideak eta konfiantza inbertitu zituena. Reale Seguros Realaren hazkundean eta kontsolidazioan partaide eta protagonista izan da, eta bidaia honetan lagun izateagatik bihotzez eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Gure bideak banatu egiten dira, baina beti gertu sentituko ditugu”.

Ignacio Mariscalek, Reale Seguroseko CEOk, berriz, esker oneko hitzak eskaini nahi izan dizkio, halaber, Donostiako klubari: “Realari eskerrak eman nahi dizkiogu urte hauetan guztietan gugan jarritako konfiantzagatik, eta zale txuri-urdinei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, emandako baldintzarik gabeko babesagatik, lankidetza honen arrakastarako funtsezkoa izan baita".

Sentsibilitate soziala

Bazkideak, familia txuri-urdina, bi erakundeen arteko loturaren epizentroa izan dira, lotura horren ardatza. Sentsibilitate sozial horrek lehen akordio bat ekarri zuen, 2012an, lan egoera zaila bizi zuten pertsonei bideratua, langabezian zeuden bazkideei abonua doan eskainiz.

Bazkideari laguntzeko asmo horrekin, Reale Segurosek ez zuen zalantzarik izan Realzale Programarekin bat egiteko, eta kuota merkatzeko aukera ematen duen fidelizazio programan lagundu zigun. Aldi berean, euskarrietan eta jolas ekipazioetan presente egotea zerbait ohikoa izan zen azkenean, bai eta hainbat aktibazio ere, hala nola Ketxurdina, “Ezinezko Gola” eta “Jelea Reala”, besteak beste.

Halaber, ez da ahaztu behar urte hauetan guztietan Real Sociedad Fundazioarekin izan duen konpromisoa.

Estadio bati bere izena jarri dion lehen aseguru etxea

Harremana berez aberasgarria bazen, 2019ko udan beste aurrerapauso handi bat eman zen Reale Seguros LaLigako estadio bateko naming eskubideak eskuratzen zituen lehen aseguru etxea bihurtu zenean. Ordutik, Reale Arena Europako futbol zelairik goraipatuenetako bat izan da. Pandemiak, gainera, maila sozial eta ekonomikoan garairik zailenetako bat izan bazen ere, ez zuen bi erakundeen arteko aliantza ahuldu, kontrakoa baizik.

“13 denboralditan babesle izan ondoren, Reale Segurosen eta Realaren arteko harreman estrategikoa oso positibotzat jo dezakegu. Mugarri garrantzitsuak lortu ditugu, hala nola Euskadin gure markak ikusgarritasuna handitzea eta klubak kirol arrakasta handiak lortzea”, adierazi du Javier Valbuenak, Reale Seguroseko Komunikazio eta Markako zuzendariak, aseguru etxearekin batera izandako lorpenak eta balioak nabarmentzen dituen bideo hunkigarria partekatu ondoren.

Hilabete gutxitan agur esango diogu hamarkada bat baino gehiagoan funtsezko zutabe izan den eta gure balio berak izan dituen aliatu estrategiko bati. Hala ere, behin betiko agurrak itxaron beharko du, oraindik ere berriro ospatu nahi ditugun momentuak geratzen zaizkigulako, eta horiek gure etxean, Reale Arean, ospatu nahi ditugu, Reale Arena Reale Segurosen etxea ere izango baita betiko. Reala osoaren izenean, ESKERRIK ASKO!”

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!