Bazkideen esperientzia hobetzen jarraitzeko helburuarekin, Realak berrikuntzak gehitzen jarraitzen du txartel digitalean. Joan den denboraldian ezarritako hobekuntzei —hala nola NFC formatuko txartel digitala edo gailu berean txartel bat baino gehiago eramateko aukera— funtzionalitate berri bat gehitu zaie orain: taldeak etxetik kanpo jokatuko dituen partidetarako sarrerak eskatzeko prozesu berritua.
Informazioa: Real Betis–Real Sociedad partidarako sarreren eskaerak bihar, abuztuaren 14an, aktibatuko dira. Partida abuztuaren 21ean, ostiralean, 21:00etan, La Cartuja estadioan jokatuko da.
Etxetik kanpoko partidetarako sarrerak eskatzeko prozesu berria
Aurreko denboraldiekin alderatuta, berrikuntza nagusia da etxetik kanpoko partidetarako sarrerak zuzenean Abonatuaren Ataritik eskatuko direla.
Plataforma horri esker, errazago egin ahal izango da norberaren, senideen edo lagunen izen-ematea, une oro kontsultatu ahal izango da eskaeraren egoera, eta sarreren ordainketa egin ahal izango da.
Orain arte bezala, bi modalitate hauetako baten bidez esleituko dira sarrerak, eta partida bakoitzari buruzko informazioan jakinaraziko da zein erabiliko den: izen-ematearen hurrenkeraren arabera edo zozketa bidez. Partida bakoitzerako ezarritako esleipen-sistemaren arabera, honako hau izango da prozesua:
Sarrerak izen-ematearen hurrenkeraren arabera esleitzen diren partidetan:
- Sarreraren zenbateko osoa ordaindu beharko da eskaera egiteko unean.
- Sarrerak eskatu dituen pertsonak formatu digitalean jasoko ditu, Abonatuaren Atarian bere erabiltzaile-profilari lotuta duen helbide elektronikoan. Aurkako klubak sarrerak formatu digitalean bidaltzea onartzen ez duen kasuetan, eskatzaileak mezu elektroniko bat jasoko du Anoetako txarteldegian sarrerak jasotzeko beharrezkoa den informazioarekin.
Sarrerak zozketa bidez esleitzen diren partidetan:
- Eskaera egiteko, erreserba gisa sarreraren prezioaren ehuneko jakin bati dagokion zenbatekoa ordaindu beharko da; ehuneko hori aldez aurretik jakinaraziko da. Zozketan sarrerarik egokitu ezean, eskatzaileari zenbateko hori itzuliko zaio; sarrera egokituz gero, berriz, sarreraren azken preziotik deskontatuko zaio.
- Zozketan sarrera egokitu eta jasotzen ez bada, ez da erreserbaren zenbatekoa itzuliko.
- Sarrerak eskatu dituen pertsonak mezu elektroniko bat jasoko du, sarreren ordainketa osatzeko jarraitu beharreko argibideekin. Ordainketa osatu ondoren, eta partida jokatu aurretik, sarrerak formatu digitalean jasoko ditu Abonatuaren Atarian bere erabiltzaile-profilari lotuta duen helbide elektronikoan. Aurkako klubak sarrerak formatu digitalean bidaltzea onartzen ez duen kasuetan, eskatzaileak mezu elektroniko bat jasoko du Anoetako txarteldegian sarrerak jasotzeko beharrezkoa den informazioarekin.
Bi eskaera-prozesuetan, sarrerak eskatzen dituenak bazkidea edo RS Fan izan beharko du. Klubak partida bakoitzerako ezarritako epeen barruan eskatu beharko dira sarrerak.
Edonola ere, estadioetara sartzeko eta bertan egoteko aplikatu beharreko araudia betez, sarrerak izendunak eta besterenezinak izango dira.
Garrantzitsua: Eskaera egin ondoren, ezingo dira datuak aldatu eta ez da itzulketarik onartuko (salbuespen bakarra izango da zozketan sarrerarik egokitu ezean erreserbaren zenbatekoa itzultzea).
Nolakoa da etxetik kanpoko partidetarako sarrerak eskatzeko prozesu berria? Egin klik hemen jakiteko.
Erregistratu eta eguneratu Realeko zure kontua
Dagoeneko aurreko denboraldian plataforma berrian erregistroa, identifikazioa eta kontuaren eguneraketa egin bazenituen, sartu zure egiaztagiriekin.
Bestela, plataforma berri honen eta eskaintzen dituen funtzionalitate guztien erabileraz gozatzeko, aurreko plataforman erregistroa eta identifikazioa egin zuten bazkideek ezinbestean eguneratu beharko dute Realeko kontua. Oraindik erregistratu eta identifikatu ez direnek, berriz, erregistroa eta identifikazioa egin beharko dituzte.
Kontuaren eguneraketa nahiz erregistroa webgune ofizialaren edo Realzale App-aren bidez egin beharko dira. Realzale App-a erabiliz gero, aurretik Google Playn edo App Storen eskuragarri dagoen azken bertsiora eguneratu beharko da.
Oraindik ez bazara erregistratu, egin klik hemen.
Txartela NFC formatuan
Funtzionalitate berri horrez gain, Realak arrakastaz ezarri zuen joan den denboraldian NFC formatuko txartel digitala, eta indarrean jarraitzen du.
Garrantzitsua: Joan den denboraldian NFC formatuko txartela deskargatu zutenek berriro deskargatu beharko dute. Gailuan gorde ondoren, konexio-arazoek ez dute sarbide-modu horretan eraginik izango.
NFC teknologia gailu mugikorrean dago eta bi gailuren artean informazioa trukatzeko aukera ematen du. Telefono mugikorrarekin ordaintzeko erabiltzen den sistema bera da, esaterako. Nahikoa izango da txartel digitala mugikorreko edo erloju adimenduneko wallet-ean gordetzea eta tornuan hurbiltzea estadiora sartzeko.
Nola eskuratu txartel digitala NFC formatuan? Egin klik hemen jakiteko.
Txartel bat baino gehiago mugikor berean
Joan den denboraldian gehitutako beste funtzionalitateetako bat, eta bazkideek gehien eskatutakoetako bat, gailu beretik txartel bat baino gehiago kudeatzeko aukera da. Horrela, gurasoek seme-alaben txartelak ere mugikor bakarrean eraman ahal izango dituzte, eta familian sartu ahal izango dira estadiora, modu eroso, erraz eta azkarrean.
Nola sartu txartel bat baino gehiago mugikor berean? Egin klik hemen jakiteko.
Egin klik hemen eta erregistratu
Realeko kontua erregistratzeak edo eguneratzeak txartel digitalaren berrikuntzez gozatzeko aukera emateaz gain, bazkideek zein bazkide ez direnek abantaila gehigarriak izango dituzte eskura: eduki esklusiboak, promozio digitalak eta fisikoak, zozketetan parte hartzeko aukera eta askoz gehiago.
Hobekuntza horiek Realak eraldaketa digitalarekin eta zaleei eskaintzen dizkien zerbitzuak etengabe hobetzearekin duen konpromisoaren parte dira, eta zaleek klubaren egunerokoan betetzen duten funtsezko eginkizunaren aitorpena ere bai.
Disfruta de tu nuevo carnet digital
Zure informazioa eta datuak konsultatu edo aldatu
Zuretzat bakarrik ekintza eta promozio bereziak
Zozketak, sariak, 360 bideoak, etabar
Gure taldeen eta jokalarien estatistikak
Gure artxibo historikoa kontsulta egin
Audioak, postalak, posterrak eta aldizkariak jeisteko prest.
Zure argazkia taldearekin