ANOETA

Ipar hondoko bazkideak birkokatuta

Anoetako ipar hondoa datorren denboraldian berrituko dira eta bertako bazkideak jada birkokatu dira behin-behineko eserlekuak esleituta hastear dagoen 2018-19 denboraldirako. Gaur mezu elektroniko bat bidali zaie birmoldaketa zati honek (harmailak botatzea eta ondoren eraikitzea) eragindako 6.018 pertsonei. Mezuan behin-behinean edukiko duten sarbidearen datuak zehazten zaizkie eta beren eserleku berriaren panoramika 3D formatuan ikusteko aukera ere ematen zaie.

Nola ikusi nire behin-behineko eserlekua?

Birkokatutako pertsona guztiek jada ikusi dezakete beren behin-behineko eserlekutik edukikod duten zelaiaren panoramika. Bai web ofizialaren arlo pribatuan (Nire Reala-Nire Kontua-Bazkidearen datuak-Ikuspegi Interaktiboa) bai Realzale Appean, Storeko Appa eguneratu eta gero, gure bazkideek beren datuak  aurkituko dituzte jada, bai eta beren eserlekutik zelaia gutxi gorabehera nola ikusten den ere, 3D formatuan. Horretarako, oraindik egin ez badute, bazkide gisa erregistratu eta identifikatu baino ez dute egin beharko, Nire Real arloan, realsociedad.eus helbidean edo Realzale Appean.   Automatikoki, bistaratzaile hori aurkituko dute beren profilean.

Esleitzeko irizpideak

22.000 pertsonari baino gehiagori gainerako tribunetan eserlekua baieztatu eta gero, prozesu honetako hurrengo urratsa izan da ipar hondoan eserlekua aukeratua zuten bazkideak birkokatzea. Eserleku kopuruaren aldetik dauden mugapen logikoen barruan, eserlekua aukeratzeko hurrenkera arautzeko bere egunean ezarri ziren printzipioak eta baremoak errespetatu dira  eta  bazkideak ipar hondorako eskatua zuten moduan antolatzen saiatu da.

Horrez gain, egoera gutxi batzuk kenduta, ipar hondoko bazkideak estadioaren gainerako eserlekuetan birkokatu dira, tribuna baliokidean (goialdekoa edo behealdekoa). Denboraldi honetan, birkokatutako bazkide batek ere ez du ipar hondoko kuotagatik dagokiona baino gehiago ordainduko.  Edozer kontsultatarako, hau da Bazkidearen Arretarako dugun bulegoaren ordutegia, astelehenetik ostiralera: 10etatik 13etara eta 16:30etatik 18:30etara. Telefonoz (943 462833) edo helbide elektroniko honen bitartez ere jarri zaitezke gurekin harremanetan: [email protected].

Hemendik aste batzuetara futbola modu desberdinean bizitzen hasiko gara; halere, gogoratu deserosotasunek beste urte bat gehiago iraungo dutela.  Oztopoak oztopo, familia txuri-urdinak  dagokion moduan erantzuten jarraitzen du, familia bikaina baita.  Laster jakinaraziko dizkizuegu sarbideen gainean, eta irailaren hasieran bazkide txartel berriak bidaliko dizkiegu gure bazkide guztiei.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!