JOKO OK: Kirol arloko sexu jazarpenaren eta abusuaren aurkako programa

Babestu ditzagun pertsonak, babestu dezagun jokoa

Vídeo

Kirolaren munduaren barruan diziplina asko daude eta bakoitzak bere araudi berezia dauka. Hainbat arau daude, joko denbora jakin bat, txartel horia eta txartel gorria…

Baina ez dago araurik zelaitik kanpo gertatzen den guztirako. Aldageletan gertatzen dena, bulegoetan, entrenamendura bidean… Hori guztia ere jokoaren parte da, eta babestuta egon beharko luke.

- Estatistikek erakusten dute bost haur eta nerabetik batek sexu indarkeria sufritu duela 18 urte bete baino lehen.

- Abusatzen dutenen %85 inguru haur edo nerabeek maite eta errespetatzen dituzten pertsonak dira – Sexu abusua kontaktu fisikoa baino askoz lehenago hasi ohi da. Opariekin hasi daiteke, mesedeak egiten, edo hurbilpen desegokiekin.

- Abusua sufritu duten biktimen %10 baino gutxiagok salatzen dituzte gertaerak.

Beste datu batzuek diotenez, emakumeen %12-%13 eta gizonen %6 sexu abusuen biktimak izan dira.

Kirolaren esparrua ez da salbuespena,

Testuinguru horretan, Realak erabaki du arazo horren inguruan inplikatzea, kiroletik haratago doan eredu bat defendatzen duelako. Eta, erreferente soziala den heinean, erabaki du pauso bat aurrera ematea nahi ez diren jarrera desegokien aurkako borrokan. Pauso bat aurrera kirolean gertatzen den sexu jazarpen eta abusuaren aurka.

Jokalarien zein erakundeari lotutako pertsona guztien errespetua, osotasuna, segurtasuna eta eskubideak funtsezko balioak dira instituzio honetan, eta neurriak hartu behar ditugu horiek bermatzeko eta une oro defendatzeko. 

Informazioa eta sentsibilizazioa heziketa sustatzeko

Kontuan hartuta kirolariek esparru guztietan kirol ingurune seguru eta osasungarri batez gozatzeko eskubidea dutela, Realak sentsibilizazio, prebentzio eta jarduera programa bat garatzen ari dau segurtasun falta ekar dezakeen puntu baten aurka: sexu jazarpena eta abusua.

Programaren bitartez, sentsibilizazio eta prestakuntza lan bat egin nahi dugu, heziketa bultzatzeko, bai gure esparruan bai gizartean, heziketa funtsezkoa delako jokabide desegokiak prebenitzeko.

Sentsibilizazio programa integrala

Realean konpromisoa daukagu gure taldeekin, gure langileekin eta seme-alabak prestatzeko gure erakundean konfiantza jartzen duten familiekin.

Horregatik, erakunde osoa –kirol arloa zein kudeaketa arloa– inplikatzen duen programa bat definitu dugu.

Eta programa integral bat da, gainera, hainbat ikuspegitatik landu dugulako:

-        Horrelako egoerak, oro har, helduen eta adingabeen artean gertatu ohi diren arren, berdinen artean ere gertatzen dira, lanaren esparruan. Horregatik, Realaren esparru guztietara egokitzen ari gara, kirolaren esparrura mugatu gabe.

-        Horrez gain, pertsona bakoitzak horrelako egoera batean jokatzen duen rola ere kontuan hartzen ari gara. Biktima dago, jazarlea edo abusatzailea dago, konplizeak daude, zerbait susmatzen dutenak, eta baita beste aldera begiratzen dutenak ere. Egoera horiek guztiak hartu dira kontuan gomendioak eta jarraibideak definitzeko garaian. Horrela, kontuan hartzen dira jokalariak, teknikariak, administrariak eta zerbitzuetako langileak, senideak, eta tartean egon daitezkeen pertsona guztiak. 

Tresnaz hornitutako programa bat

Realean jarduera protokolo batzuk garatu ditugu sexu jazarpen eta abusuaren aurka.

Protokolo horiek erakundearen esparru bakoitzera bereziki egokituta daude, eta saihestu beharreko hainbat egoera arriskutsu agertzen dira, eta jazarpena eta/edo abusua gertatzen bada, edo gertatzen ari delako susmoa badago, jarduteko prozedura.  Halaber, harremanetarako pertsonak zehazten dira, horiengana jotzeko, eta egoera horiei lotutako falten eta zigorren araubidea definitzen da.

Gipuzkoako oinarriko kirol guztira hedatu daitekeen programa bat

Baina gure konpromisoa ez da Realeko espazio eta pertsonetara mugatzen. Ohartuta gaude erakundeak nolako garrantzia duen gizartean, lurraldeko eragile soziala den heinean, eta zer-nolako konpromisoa dugun Gipuzkoarekin.

Horregatik, inplikatu egingo gara gaiari buruz sentsibilizatu, prestatu eta aholkularitza eskaintzeko Gipuzkoako oinarriko futbol talde guztietan. Eta Gipuzkoako oinarriko kirol talde orori ere aukera zabalduz.

Gipuzkoako oinarriko kirol klub guztien esku jarriko ditugu gure jarduera protokoloak, eta prestakuntza tailer eta saioak egingo ditugu futbol klubekin, teknikariekin, arduradunekin…

Hori delako kirolari hazten laguntzeko eta kirola praktikatzen dutenak babesteko dugun era.

Gaiari buruzko aditu baten lankidetzarekin

Planaren garapena lantzeko, protokoloak prestatzeko eta gauzatzen ari garen sozializazio prozesurako, Avento aholkularitzako Ainhoa Azurmendiren lankidetza izan dugu eta izaten jarraituko dugu; bera Psiokolgian Doktorea, kirol psikologoa da, eta aditua kirolean emakumeen eta gizonen arteko berdintasun gaietan.  Irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta kirol arloko sexu jazarpen eta abusuaren inguruko nazioarteko foroetan parte hartzen du.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!