LEVANTE UD 1-1 REAL SOCIEDAD

Beste puntu bat

Vídeo

Espero dezagun bi aste barru ona izatea. Realak bana berdindu du Levanteren aurka gaur La Nucian jokatutako partidan. Partida parekatua izan da, eta goikaldean pozoin gehiago falta izan zaio Realari zerbait gehiago lortzeko. Emaitza justua.

Partida erritmo onean hasi da. Baloi jabetza kontrolatu dute eta ordu laurdena baino lehen Isaken golarekin aurrea hartzea lortu dute. Oyarzabalek erdiraketa ona jarri du ezkerretik eta arieteak, erremate akrobatiko eta zail batean, aurretik jarri du Imanolen taldea. Baina aldeak oso gutxi iraun du, izan ere, hiru minutu geroago berdindu baitute etxekoek Moralesen bitartez. Donostiarrek aukera argia izan dute markagailuan aurretik berriro jartzeko, baina Portuk gora bidali du erremate argia. Ondoren, partidaren erritmoak behera egin du. Beroak gogor jo du.

Bigarren zatia parekatuagoa izan da. Bi taldeei gehiago kostatu zaie kontrako atera arriskuarekin iristea. Aldaketek oxigenoa eman diote taldeari, baina ez da erasoan arriskua sortzeko gai izan.

Helburua hurbilago izateko balio duen puntu bat. Hamabi puntu geratzen dira jokoan eta azkeneraino borrokatu beharko da. Ez da erraza izango, baina taldea hobeto dago eta eskura dauka. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Levante UD: Aitor, Miramón Postigo (Rober Pier, min.83), Rubén Vezo, Clerc, Radoja, Vukcevic (Melero, min.72), Rochina (Hernani, min.83), Campaña, Morales (cap) (Roger, min.72) eta Mayoral (Sergio León, min.88).

Real Sociedad: Moyá, Gorosabel, Le Normand, Aritz, Aihen (Monreal, min.84), Zubimendi (Llorente, min.54), Merino, Odegaard (Zubeldia, min.54), Oyarzabal (cap)(Barrenetxea, min.67), Portu eta Isak (Willian José, min.84).

Golak: 0-1: Isak, min.12. 1-1: Morales, min.16.

Epailea: Pizarro Gómez. Txartel horiak etxeko Vukcevic eta Melerorentzat eta Zubimendi eta Aritz kanpotarrentzat.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!