GRANADA CF 2-3 REAL SOCIEDAD

Meritu handia

Vídeo

Hau garaipena. Realak Los Carmenes Berriko hiru puntuak eskuratu ditu, partida bizi batean bi eta hiru irabazita. Etxekoen hasierako gola irauli behar izan du eta, ondoren, azken minutuetan garaipenaren bila abiatu da. Aritzen bi eta Merinoren golek sendotu egiten du Reala sailkapenaren goiko aldean.

Zaila da Reala atsedenaldira desabantailan joan dela sinestea, partidara oso ondo sartu baita. Merinoren jaurtiketa batek eta Sorlothek Zalduaren erdiraketa bikain baten ostean egindako erremate batek zerbait ona iragartzen zuten bisitarientzat, baina etxekoen lehen hurbilketan, geldikako jokaldian, Germanek buruz errematatu du baloia, eta, Guevaran jo ostean, sarera joan da. Txuri-urdinek erasora jotzen jarraitu dute, batez ere eskuin aldetik, eta area ingurura maiz iritsi diren arren, ez dute aukera argirik izan Maximianoren aurka.

Bigarren zatia ondo hasi da, Oyarzabalen erremate batekin, Merinoren paseari esker, eta atezainak kornerrera bidali du. Jokaldi horretan, kapitainaren erdiraketaren ondoren, Aritzek baloia barrura bidali du oinaren barrualdearekin gurutzatuz, erortzen utzi gabe. Atzelaria bakarrik geratu da area barruan, eta baloia ahalik eta gehien hurbildu du zutoinera. Golaren inertziarekin, Realak bultzaka jarraitu du eta, zortzi minutu geroago, markagailua iraultzea lortu du Merinoren erremate gurutzatu batekin. Bat eta hirukoa ere gertu izan du, baina Merinok berak Sorlothen pase bikaina atezainaren gorpura bidali du. Partida kontrolpean zegoen, baina epaileak Guevarak Baccari egindako penaltia adierazi du, eta Ryanek baloia ukitu duen arren, Millaren jaurtiketa barruan amaitu da. Kolpea izan arren, Realak ez du fedea galdu eta, aldaketek eman dioten bizitasunarekin, aurretik jarri da berriro Aritzen bigarren golarekin. Erdiko atzelariak Maximianoren aldaratzea izugarri jo du Januzajen errematearen ondoren. Errebote horretan Beasaingoak bigarren gola egin du eta garaipen bikaina eman dio Realari.

Taldearen bidea sendotzeko balio handiko hiru puntu. Orain, Elche jasotzera Reale Arenan. Aupa, Real!


Fitxa teknikoa:

Granada CF: Maximiano, Ariás, Germán (cap), Duarte, Neva (Escudero, min.79), Gonalons, Milla (Monchu, min.79), Rochina (Bacca, min.66), Montoro, Machis (Puertas, min.24) eta Luis Suárez.

Real Sociedad: Ryan, Zaldua (Zubimendi, min.76), Aritz, Le Normand, Aihen, Guevara, Merino, Navarro (Valera, min.64), Portu (Januzaj, min.65), Oyarzabal (cap)(Lobete, min.76) eta Sorloth (Zubeldia, min.76).

Golak: 1-0: Germán, min.9. 1-1: Aritz, min.52. 1-2: Merino, min.60. 2-2: Milla (pen.), min.71. 2-3: Aritz, min.82.

Epailea: Pizarro Gómez. Txartel horiak etxeko Luis Suárez, Rochina, Duarte, Arias eta Germánentzat eta Le Normand kanpotarrarentzat.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!