Sansek bat eta hiru galdu du CD Mirandesen aurka Reale Arenan jokatutako norgehiagokan, mailari eusteko borrokarako oso garrantzitsua izan den partidan.
Kanpokoek asko estutu dute lehen minutuetan, defentsa gipuzkoarrak urrundu dituen erdiraketen bitartez. Hala ere, Lobete izan da lehen momentuetako aukerarik argienaz gozatu duena, nahiz eta ez duen gola sartzea lortu. Burgoseko taldeak markagailua estreinatzeko aukera izan du, baina Zubiaurrek Camelloren gola eragotzi du. Txuri-urdinek ondo erantzun die Mirandesen erasoei, eta lehen zatiaren erdialdean, VAR-ean jokaldi bat berrikusi ondoren, Karrikaburuk Sanse aurreratzea lortu du hamaika metroetatik. Hortik aurrera, txuri-urdinak izan dira nagusi, eta Gomezek desbideratu duen jokaldi batez gain, ez da beste ezer gertatu lehen zatian.
Kanpokoek berriro estutu dute aldageletatik bueltan, eta bost minutura R. Bruguek neurketa berdindu du korner baten irteeran. Bi taldeek abaguneak izaten jarraitu dute, eta Navarrok, txuri-urdinentzat, eta Riquelmek, Mirandesentzat, bigarren gola sartzeko aukera izan dute area barrutik egindako jaurtiketekin, baina ez dute lortu. Sanseko argiena Gabilondok izan du amaierarako ordu laurden falta zenean, baina area txikitik egindako jaurtiketa langa gainetik joan da. Berehala etorri da bisitarien erreplika, eta bi eta bat hipotetikoa bat eta bikoan bihurtu da. Riquelmek, jaurtiketa gurutzatu batekin, aurretik jarri du markagailuan Mirandes, eta bi minutu geroago, Meseguerrek azken bat eta hirukoa sartu du.
Kolpe gogorra, baina honi ere buelta emateko gai izango dira txuri-urdinak. Datorren larunbatean UD Ibizaren zelaia bisitatuko dute. Borrokan bizirik jarraitzen dute. Aupa Sanse!
Fitxa teknikoa:
Sanse: Zubiaurre, Gabilondo, G. de Zarate, Clemente (D. Garrido, min. 80), Gomez (Romero, min. 75), Turrientes, Olasagasti, Lopez (Valera, min. 57) (kap.), Navarro (Blasco, min. 57), Lobete (Alkain, min. 57) eta Karrikaburu.
CD Mirandes: Raul Lizoain (kap.), S. Carreira, Jorge Saenz, Arroyo (R. Capellini, min. 86), Imanol, Martin (Odei, min. 74), V. Meseguer, R. Brugue (Hassan, min. 86), Riquelme, Vicente (J. A. Garrido, min. 65) eta Camello (Marques, min. 74).
Golak: 1-0: Karrikaburu, min. 23; 1-1: R. Brugue, min. 50; 1-2: Riquelme, min. 78; 1-3: V. Meseguer, min. 82
Epailea: Galvez Rascon. Txartel horia erakutsi die etxeko Clemente Karrikaburu, Romero eta G. de Zarateri eta kanpoko Martin, Jorge Saenz, J. A. Garrido, V. Meseguer eta Marquesi.
Asistentzia: 8.531 ikusle.