FC BARCELONA 1-0 REAL SOCIEDAD

Bidegabea

Vídeo

Realak ez du merezi izan gaur arratsaldean Camp Noun erortzea. Ondo jokatu du eta aukerak izan ditu esku-hutsik ez joateko. Futbolagatik merituak egin ditu, baina VAR-ak erabakitako sartutako penalti moderno batek puntu aukerarik gabe utzi ditu txuri-urdinak. 

Bere ohiko nortasunarekin zelairatu dira donostiarrak, ausart, eta goian estutuz etxekoak. Arriskuarekin iritsi dira askotan Ter Stegen ingurura, baina aukera argirik izan gabe. Barrenetxearen pase luze bat, Portu iristear egon dela, izan da argiena. Etxekoek, Messik area barrutik egindako jaurtiketa batean, estutu egin dituzte txuri-urdinak.

Bigarren zatiak berdin jarraitu du. Ausart jarraitu du Reala eta, gainera, baloia blaugranek baino gehiago izan du askotan. Areara etengabe hurbilduz, jaurtitzeko aukera ugarirekin, baina atezain alemaniarrari esku hartu gabe. Hamar minuturen faltan iritsi da txuri-urdinen porrota eragin duen jokaldia. Baloia areara erdiratuta, aurrelariak eta defentsak salto egiten dute, baloia Le Normanden eskuan emanez, ezustean eta inolako asmorik gabe. Inork ez du protestarik egiten, inor ez da harritzen, baina VAR-ak deitu egin dio epaileari eta agur. Penaltia eta Messiren gola. Realak ondo erreakzionatu du, eta berdintzeko aukerak izan ditu. Gutxigatik ez da iritsi. Oso gutxigatik.

Reala esku-hutsik doa Camp Noutik, oso partida ona egin ondoren. Hori da zelai horiek dutena. Asteartean beste hitzordu bat izango dugu puntuak batzen jarraitzeko. Ipuruan ikusiko dugu elkar. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

FC Barcelona: Ter Stegen, Semedo, Piqué, Lenglet, Alba, Busquets, Rakitic (Arturo Vidal, min.74), De Jong, Griezmann (Ansu Fati, min.85), Braithwaite (Junior, min.89) eta Messi.

Real Sociedad: Remiro, Gorosabel, Llorente (Zubeldia, min.71), Le Normand, Monreal, Guevara, Merino (cap), Odegaard, Portu, Barrenetxea (Oyarzabal, min.68) eta Isak (Willian José, min.84).

Gola: 1-0: Messi (pen), min.81.

Epailea: Martínez Munuera. Txartel horiak etxeko Lenglet, Messi, Piqué eta Busquetsentzat eta kanpoko Merino eta Guevararentzat.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!