CADIZ CF 0-1 REAL SOCIEDAD

Erritmoa jaitsi gabe

Vídeo

Reala ez da gelditzen. Arratsaldean huts eta bat irabazi dio Cadizi Ligako seigarren garaipena jarraian lortuta. Isakek bigarren zatian sartutako gol batek lidergoan mantentzen ditu txuri-urdinak.

Realak partidaren kontrola izan du. Etxekoek ia ezin izan dute euren zelaitik irten lehen zatian eta gipuzkoarrek, futbol handi baten bidez, Ledesmako atea setiatu dute. Imanolen mutilek markagailuan aurrea hartzeko aukera argiak izan dituzte atsedenaldiaren aurretik, baina ate aurrean huts egin dute. Merinok pare bat aukera izan ditu, bat buruz eta bestea errematean, baina ez du baloia sartu. Reala erasoan bikain ibili da lehen zatian aterik ikusi ez duen arren.

Denbora kontua zela zirudien, baina, zerbaitegatik, gola da kirol honetako gauzarik zailena. Realak ez du etsi eta saria izan du. Hori bai, gola sartu baino lehen, Oyarzabalek ia ahopean egindako jaurtiketa batean aukera argia izan du berriro ere, eta Ledesmak aldaratzea lortu du. Kadizeko atezainak ezin izan du ezer egin Isaken burukadak sarea musukatu ez zezan. Kosta egin da, baina golak justizia egin die donostiarren meritu amaigabeei. Norgehiagokaren azken txanpan talde horia saiatu da Remiroren atea estuago bilatzen, baina ez du ia arriskurik sortu.
Beste garaipen bat. Ligako geldialdiak ez die txuri-urdinei kalterik egin, sentsazio berdinekin jarraitzen baitute. Orain, ostegunean, Europa Liga jokatuko da. AZren bila. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Cadiz CF: Ledesma, Iza (Akapo, min.57), Fali, Mauro, Espino, Jonsson (Perea, min.72), Garrido (kap) (Álvaro, min.46), Sánchez (Bodiger, min.72), Álex, Malbasic (Alejo, min.57) eta Jairo.

Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Aritz, Zubeldia, Monreal, Guevara (Zubimendi, min.91), Merino (Guridi, min.84), Silva, Oyarzabal (kap)(Barrenetxea, min.84), Januzaj (Portu, min.74) eta Isak (Willian José, min.74).

Gola: 0-1: Isak, min.66.

Epailea: Estrada Fernández. Txartel horiak etxeko Garrido eta Falirentzat eta Guevara kanpotarrarentzat.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!