SEVILLA FC 0-0 REAL SOCIEDAD

Gozoa baino gaziagoa

Puntu bat beti da ona Pizjuanen, baina partida ikusita, berdinketak zapore gazi-gozoa uzten du. Realak hutsean berdindu du Sevillaren aurka eta garaipena lortzeko aukera argiak izan ditu. Gaurko puntua gozoa baino gaziagoa da

Reala bikain sartu da partidara. Nortasunez eta nagusitasunez, partidaren agintea eraman du. Sevilla ez da gai izan txuri-urdinen futbolari aurre egin. Dmitrovici arrisku larrian ipini gabe, baina gipuzkoarrak ondo iritsi dira hiru laurdeneko zonaldera. Lehen zatia abagune argirik gabe joan da, baina atsedenaldirako gutxi geratzen zela, ezker hegaletik egindako jokaldi batean, Sevillako euri-jasaren azpian, baloia Sorlothi nahierara erori zaio. Aurrelariak, aho betean, jaurti egin du baina baloia Porturen oinean jo du zorte txarrarekin. Gol ‘erraza’ zen, baina zoritxarrak aurretik jartzea eragotzi dio Realari.

Bigarren zatian, aldiz, andaluziarrak izan dira hobekien abiatu direnak. Ondo presionatu dute donostiarren baloia ateratzea eta hauei kosta egin zaie erasoan luzatzea. Geldikako jokaldi batean, Januzajek botatako falta batean, gutxi falta izan da Le Normandek baloia Sevillako atean sartzeko. Jokaldi horren ondorioz, Realak gora egin du berriro. Aukera argiak iritsi dira. Portuk zutoinera bota du burz du eta Silvak gutxigatik ez du Dmitrovicek gainditu. Realak argi eta garbi merezi zuen gola. Kanariarrak, burukada zail batean, langara bidali du baloia Januzaj ere gola sartzeko zorian egon eta gutxira. Azken txanpan etxekoek erritmo biziagoa jarri dute, baina Realaren atzealdea sendo agertu da.
Berdinketak ez du zapore benetan ona partida joan den ikusita. Beste puntu bat da sailkapenean, ez dago zalantzarik, baina aukera galdua izan da hiru puntuak eskuratzeko. Realak Europako lehian jarraitzen du eta oso ondo kokatuta. Orain, geldialdiaren astean atseden hartzera eta azken txanpara indar handiagoz itzultzera. Aupa, Real!

Fitxa teknikoa:

Sevilla FC: Dmitrovic, Navas (kap), Koundé, Gudelj, Augustinsson, Óliver Torres (Rakitic, min.67), Delaney (Montiel, min.80), Munir (Jordán, min.46), Ocampos, Corona (Lamela, min.67) eta Martial (En Nesyri, min.59).

Real Sociedad: Remiro, Zaldua (Gorosabel, min.46), Aritz (kap), Le Normand, Rico, Zubimendi, Merino (Guridi), Rafael (Silva, min.64), Portu (Isak, min.75), Januzaj (Martín, min.86) eta Sorloth.

Epailea: Soto Grado. Txartel horiak Zaldua, Januzaj eta Gorosabel kanpotarrentzat.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!