Reala punturik gabe itzuli da Mallorcatik. Txuri-urdinek, partida ahul batean, porrota jaso dute etxekoek penaltiz sartutako gol bakarrarekin. Taldea bere bertsiorik onenetik urrun dago eta liga hasiera ez da espero bezalakoa izaten ari.
Lehen zatian ez dira ia aukerarik izan, bi taldeak iritsi nahian, baina defentsak erasoak baino hobeak izan dira. Bisitarien aukera bakarra Barreneren oinetan iritsi da, baina ezin izan du atezaina bere irteeran gainditu. Ordu erdia pasata, Barrenek berak egindako penalti batean, etxekoak aurreratu dira Abdoni esker. Realak hobera egiteko beharra izan du bigarren zatian etxera esku-hutsik ez joateko.
Bigarren zatian irteera ona izan arren, txuri-urdinei asko kostatu zaie erasoan aukerak sortzea. Etxekoak, emaitzarekin eroso, atzean ondo ipini dira pozoiarekin kontraerasora ateratzeko. Azken hamar minutuetan Imanolen mutilek atzerago sartu dituzte etxekoak eta aukeraren bat izan dute, Oskarssonek eta Sučićek area ertzetik egindako jaurtiketa pare bat, esaterako, berdintzeko, baina ez dute asmatu.
Partida eskasa jokatu dute donostiarrek eta ezin dute denboraldia nahi bezala hasi. Buelta eman behar zaio. Hurrengo aukera, larunbatean Pucelan.
Fitxa teknikoa:
RCD Mallorca: Leo Román, Antonio Sánchez, Raíllo (kap), Copete, Mojica, Mascarell, Samu Costa (Morlanes, min.88), Darder, Navarro (Dani Rodríguez, min.70), Larin (Asano, min.63) eta Abdón (Abdón, min.63).
Real Sociedad: Remiro, Aritz (Odriozola min.60), Zubeldia, Aguerd, Aihen, Zubimendi, Turrientes (Marín, min.60), Sučić, Sergio Gómez (Take, min.46), Barrene (Becker, min.78) eta Oyarzabal (kap)(Óskarsson, min.60).
Gola: 1-0: Abdón (pen.), min.36.
Epailea: Cordero Vega. Txartel horiak etxeko Abdónentzat eta Turrientes kanpotarrarentzat.