DEPORTIVO ARAGON 3-1 REAL C

Porrota Zaragozan

Gure hirugarren taldeak 3-1 galdu du gaur eguerdian Deportivo Aragonen aurka. Donostiarrek oso ondo ekin diote partidari eta Astiazaran lehenengoa sartzear izan da langa jo duen erremate batekin. Aurrelari txuri-urdinak beste jaurtiketa bat izan du minutu batzuk geroago, Calaviak harrapatu duena. Etxekoek aurrera egin dute minutuek aurrera egin ahala eta Jayk, areaz kanpotik egindako ezkerkada batekin, Fraga jarri du proban. Atsedenaldira ez zela mugituko ematen zuen markagailuak, baina, area barruko jokaldi nahasi baten ondoren, Mañasek aldaratze bat aprobetxatu du zaragozarrak aurretik jartzeko.

Deportivo Aragonek inertzia horri eutsi dio aldageletatik igaro ostean, eta Chemak, area barrutik gurutzatutako erremate batekin, markagailuko aldea handitu du, partida berriro hasi eta gutxira. Txuri-urdinek ez diote inoiz aurpegia galdu neurketari eta Guibelaldek, bigarren lerrotik sartuta, errematea egin eta aldea murriztea lortu du. Donostiarrek saiatzen jarraitu dute, baina zaragozarrek arrisku handia sortu dute kontraerasoan eta, horietako batean, Chemak partida erabakita uztea lortu du. Datorren asteburuan Mutilvera hartuko dute Zubietan dinamika aldatzeko asmoz.

Fitxa teknikoa:

Deportivo Aragon: Calavia, Sebastian (Chema, min. 50), Ergouai, Barrincha, Vallejo (kap.), Vacas, Vaquero, Jay, Cuenca (Sans, min. 50), Cortes (Sola, min. 72) eta Mañas (J. Lopez, min. 79).

Real C: Fraga, H. Martin (Olarra, min. 81), Zubelzu (kap.), Larrañaga, Ropero (Torres, min. 62), Guibelalde (G. Gorosabel, min. 81), Lete, Pontones, Astiazaran (Garro, min. 73), Orobengoa eta J. Gorosabel (Arenzana, min. 73).

Golak: 1-0: Mañas, min. 45; 2-0: Chema, min. 56; 2-1: Guibelalde, min. 63; 3-1: Chema, min. 89.

Epailea: Guijarro Colomer. Txartel horia erakutsi die etxeko Cortes eta Sebastiani eta kanpoko Pontonesi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!