REAL SOCIEDAD 1-1 CA OSASUNA

Berdinketa itzuleran

Vídeo

Zaila izango da ohitzea. Zalerik gabe, girorik gabe… Egoera horietan bana berdindu du Realak txapelketaren itzuleran. Osasunak aurrea hartu du lehen zatian eta Oyarzabalek berdindu egin du bigarrenean. Puntu horrek ez ditu realzaleak asebetetzen Europako sari potoloa lortzeko helburu handinahian.

Arraroagoa ezin izan da izan, baina ohitu beharra dago. Reale Arenaren bultzadarik gabe, partida hotza izan behar zen. Realak sentsazio onak eskaini ditu hasieran, baina min egitea falta izan zaio. Ordu erdia baino lehen Aritz baloiaren bila joan da jokaldi batean area barruan, baina bere saiakera Rubenek kornerrera desbideratu du. Handik gutxira, penaltia egin du Le Normandek eta Osasunak huts eta batekoa jarri du. Adrianek ez dio aukerarik eman Remirori hamaika metroetatik. Desabantaila atsedenaldian.

Ondo zelairatu dira gipuzkoarrak bigarren zatian, berdinketaren bila. Nafarrak atzean ondo mantendu dira eta, gainera, aukera ona izan dute Cardonaren oinetan. Bere errematea kanpora joan da zutoin ondotik. Ordu laurdena bete denean berdinketaren gola ailegatu da. Willian Joseren pase bikaina Oyarzabalek Ruben gainditu dezan. Ordu erdia aurretik markagailuari buelta ematen saiatzeko, baina denbora horretan ia ez da aukerarik izan etxekoentzat. Luzapenean, Osasunaren susto pare bat. Gutxigatik ez dute garaipena lortu.

Gazi-gozo zaporea duen berdinketa ligako itzulera arraro honetan. Hamar partida amaiera zirraragarri baterako. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Remiro, Zadua, Aritz, Le Normand, Monreal (Aihen, min.82), Zubeldia, Merino (Llorente, min.82), Odegaard, Oyarzabal (kap), Portu (Januzaj, min.73) eta Willian Jose (Isak, min.62).

CA Osasuna: Ruben, Nacho Vidal, Unai Garcia, Raúl Navas, David García, Estupiñan, Oier (kap) (Moncayo, min.69), Darko, Iñigo Perez, Adrián (Jose Arnaiz, min.64) eta Marc Cardona (Enric Gallego, min.64).

Golak: 0-1: Adrian, min.29. 1-1: Oyarzabal, min.61.

Epailea: Cordero Vega. Txartel horia erakutsi die etxeko Merinori eta kanpoko Oier, Enric Gallego eta Iñigo Perezi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!