UD LAS PALMAS 0-0 REAL SOCIEDAD

Beste berdinketa bat

Hiru partida, hiru berdinketa. Realak puntu bat lortu du berriro, oraingo honetan, denboraldiko lehen irteeran. Txuri-urdinek hutsean berdindu dute Union Deportiva Las Palmasen aurka eta beste berdinketa bat pilatu dute txapelketa hasiera honetan.

Ez da lehen zati ona izan donostiarrentzat. Asko kostatu zaie jokoa sortzea, belar gainean eroso sentitu gabe. Kanariarrak hobeto aritu dira eta lehen zatiko abagune argienak izan dituzte. Sandrok ezkerrarekin egindako errematea, gora joandakoa, eta Munirren aldaratze bat, korner baten irteeran, Remiro ia ezustean harrapatu duena, etxekoen onenak izan dira. Realak ez du ia aukerarik izan, Zubeldiari desbiratua joan zaio erremate bat izan ezik.

Bigarren zatiaren hasiera beste gauza bat izan da. Imanolen mutilek hobeto konbinatu ahal izan dute eta, defentsa horiak utzitako tarteak aprobetxatuz, arrisku sentsazio handiagoa eskaini dute. Bigarren denboraren erdialdea igarota aukerak hasi dira iristen, eta oso argiak izan dira. Oyarzabalek, eskuinarekin, ez du baloia atezainaren gainetik altxatzen asmatu. Zubimendiri bere burukada Alvarok esku zoragarri batekin gelditu dio. Garcia Pimientaren taldeak, amaierarako hamarrera, Loiodiceren bolea batekin erantzun du, Remirok, geldiketa bikain batekin, kornerrera bidaliz, langan jo ondoren. Partida erotu egin da azken minutu horietan eta, kontraeraso batean, Cho gola sartzetik gertu egon da jaurtiketa gurutzatu batekin.

Beste berdinketa bat Realarentzat. Garaipena lortzeko itxaron egin beharko dugu. Aurrera, Reala!

Fitxa teknikoa:

UD Las Palmas: Álvaro, Araujo, Suárez, Mármol, Cardona (Coco, min.65), Loiodice, Kirian (Mfulu, min.80), Viera (kap), Munir, Sandro (Pejiño, min.80) eta Sory Kaba (Javi Muñoz, min.68).

Real Sociedad: Remiro, Traoré, Zubeldia, Le Normand, Aihen, Zubimendi, Merino (kap), Brais Méndez (Zakharyan, min.75), Take (Cho, min.75), Barrene (Oyarzabal, min.46) eta Carlos Fernández (Sadiq, min.46).

Epailea: Cuadra Fernández. Txartel horiak etxeko Cardonarentzat eta Le Normand, Brais Méndez, Zubeldia eta Sadiq kanpotarrentzat.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!