GIRONA FC 3-5 REAL SOCIEDAD

Garaipena partida eroan

Vídeo

A ze partida eroa. Alternatiba askoko norgehiagokan Realak hiru eta bost irabazi dio Gironari, Mundialaren geldialdiaren aurretik duen hilabete eta erdi honi ahalik eta ondoen ekiteko. Sorlothek, birritan, Brais Mendezek, Zubimendik eta Kubok egindako golek hiru puntuak eman dizkiote talde donostiarrari.

Lehen zatiak denetarik izan du. Reala oso ondo sartu da partidara eta laster aurreratu da. Hamar minutu igaro baino lehen, jokaldi polit batean, Sorlothek txuri-urdinak aurreratu ditu Kuboren pase ezin hobea sarera bultzatuz. Etxekoak ez dira arriskutsu izan hasiera horretan, baina Riquelmeren urruneko jaurtiketa bati esker, berdinketa lortu dute eta gora etorri dira markagailuari buelta eman arte. Arnauk, buruz, bigarrena egin du. Reala apur bat jota zegoen, baina berregin egin da eta, atsedenaldia baino lehen, berdinketa lortu du Sorlothen erremate bikain batekin. Bularrez kontrolatu eta, baloia botatzen utzi gabe, izkinara bidali du baloia boleaz. Berdinketa eta aldageletara.

Bigarren zatia Merinok sarearen kanpoaldera bidali duen aukera on batekin hasi da. Eta handik gutxira, bi minutu ere bete ez zirenean, Castellanosek etxekoen hirugarrena sartu du jaurtiketa pozoitsu batekin. Gol horrek amorratu egin ditu Imanolen mutilak eta partida erabat menderatu dute. Kontrol horren ondorioz, alboko falta batean, Brais Mendezek berdinketa lortu du bigarren zutoinera egindako jaurtiketa baten bidez. Partida ero samar horretan, golengatik behintzat, laugarrena egin du Realak Zubimendiri esker, jokaldi nahasi samarrean azkar ibiliz. Azken txanpan Sorlothek bere oinetan izan du partida erabakitzeko aukera, baina errematea zutoinera joan zaio. Antzeko beste kontraeraso batean, eta Sorlothen asistentzia baten ondoren, Kubok bai asmatu du ezkerkada gurutzatu batekin Realaren garaipena ziurtatzeko.

Hiru puntu gehiago geldialditik ondo itzultzeko eta etorkizunari irribarre batekin aurre egiteko. Aupa, Real!

Fitxa teknikoa:

Girona FC: Juan Carlos, Arnau (Couto, min.79), Bueno, Bernardo, Juanpe (Valery, min.76), Gutiérrez, Aleix García (Ureña, min.79), Oriol Romeu, Riquelme, Vallejo (Yangel, min.54) eta Castellanos.

Real Sociedad: Remiro, Gorosabel (Sola, min.55), Aritz (kap) (Guevara, min.83), Pacheco, Aihen, Zubimendi, Merino, Brais Méndez, Silva (Turrientes, min.83), Take (Navarro, min.88) y Sorloth (Carlos Fernández, min.88).

Golak: 0-1: Sorloth, min.8. 1-1: Riquelme, min.23. 2-1: Arnau, min.27. 2-2: Sorloth, min.42. 3-2: Castellanos, min.48. 3-3: Brais Méndez, min.66. 3-4: Zubimendi, min.71.

Epailea: Melero López. Txartel horiak etxeko Oriol Romeu, Gutiérrez eta Castellanosentzat eta Merino kanpotarrarentzat.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!